Erradiazio bidezko pozoitzea edota gehiegizko erradiazio sindromea, erradiazio ionizatzaile kopuru handiegiak jasotzeak osasunean eragiten duen kalte multzoa da.
Gehienetan, izendapena erabiltzen da denbora labur batez erradiazio dosi handia jasotzean eragindako kalteak adierazteko. Erradiazio bidezko pozoitzearen sintoma asko erradiazio ionizatzaileak zelula-banaketa hondatzen duenean agertzen dira. Eragin hori bereziki zaharberritze tasa handia duten zelulek jasaten dute, alegia, ohiko baldintzetan azkar zaharberritzen diren zelulak, adibidez, digestio-aparatuko barnealdea edota hezur-muineko zelula hematopoikoak.
Erradiazio bidezko pozoitzea jasan duten pertsonek honako sintomak izan ohi dituzte: ile galera, beherakoa, nekea, botagurea, konorte-galera, larruazal erreketak, eta dosi handietan, berehalako heriotza.
Erradiazioa jasatearen ondorioak leuzemia eta mota orotako minbiziak izaten dira. Erradiazioak zelula-banaketa eragozteko duen gaitasuna minbiziaren aurkako tratamenduan ere erabiltzen da, erradioterapian kasu.