Errealismo sozial

Errealismo soziala margolari, grabatzaile, argazkilari, idazle eta zinemagileek langile klasearen benetako egoera soziopolitikoa ezagutarazteko asmoarekin egiten duten lana da, egoera horren sortzaile diren botere-egiturak gaitzesteko helburua duena. Mugimendu honen ezaugarriak herrialde batetik bestera aldatu egiten diren arren, ia beti erabiltzen du errealismo mota deskribatzaile edo kritiko bat.

Ama migratzailea, Dorothea Langeren irudia

Errealismo soziala erromantizismoak bultzatutako idealismoaren eta gehiegizko egoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Industria-iraultzaren ondorioak begi-bistakoak ziren; hiriguneak hazi egin ziren eta txabola auzoak izugarri ugaritu ziren, goi-klaseen aberaskeriarekin kontrastean. Kontzientzia sozial berri batekin, errealista sozialek "arte ederrari", hau da, ikusmenari edo emozioei plazerra eragitea helburu zuen arteari, "kontra egiteko" konpromisoa hartu zuten. Bizitza garaikidearen errealitate desatseginetan jarri zuten arreta, eta langile klasearen alde egin zuten, txiroenen alde bereziki. Ikusten zutena "existitzen zen bezala" irudikatzen zuten, apaindurarik gabe. Errealismo sozialak sumindu egin zuen jendea, hein batean, ez zekitelako zer modutan ikusi ez zer egin arte horrekin.

Batzuetan termino hau, modu mugatuagoan, bi mundu gerren artean jende arruntak 1929ko krakaren ondorioz jasan behar izan zituen gabeziekiko eta arazoekiko erreakzio gisa sortu zen arte-mugimenduari buruz hitz egiteko erabiltzen da. Haien artea jende gehiagorengana iristeko, artistek langile anonimoen eta pertsona ospetsuen irudikapen errealistak erabili zituzten, zoritxarrari aurre egiten dion indarraren ikur heroiko gisa. Artistek asmo politikoa zuten, haien helburua langile- eta behe-klaseen egoerak okerrera egin izana salatzea eta gobernuak eta aginpide sozialak horren erantzule egitea baitzen.

Errealismo soziala eta errealismo sozialista ez dira gauza bera, bigarren hau Iosif Stalinek 1934an erakundetu zuen arte estilo sobietar ofiziala baitzen, ondoren mundu osoko alderdi komunista aliatuek ere erabili zutena. Errealismoarengandik ere bereizten da, ez baitu txiroen egoeraren aurkezpen soil bat egiten; egoera hori aurkeztean bi indarren, laborarien eta jaun feudalaren, arteko tirabira ere irudikatu egiten du. Hala eta guztiz ere, errealismo sozial eta errealismo sozialista terminoak ez dira bereizten askotan.[1]

  1. Max Rieser, The Aesthetic Theory of Social Realism, in: The Journal of Aesthetics and Art Criticism, Vol. 16, No. 2 (December 1957), 237-248 orr.

Developed by StudentB