Erreflexua organismoak ematen duen erantzun automatikoa da kanpoko estimulu edo kinada baten aurrean. Erreflexu guztiak ez-borondatezkoak dira, haietan entzefaloaren goi-egiturek askotan ez baitute parte hartzen, bizkarrezur-muinak baizik.
Erreflexu bat burutzeko elementu eta mekanismo batzuk behar dira, arku erreflexu deritzona osatzen dutenak. Oinarrizko arku erreflexuan hiru neuronek parte hartzen dute: neurona sentsoriala, asoziazio-neurona eta neurona motorra. Asoziazio-neuronek bizkarrezur-muinean daude; muinaren ezean ez dago arku erreflexurik.
Bi erreflexu mota daude: ez-baldintzatuak (begetatiboak edo sortzetikoak ere deituak) eta baldintzatuak. Lehenak jaiotzatik datoz eta ikasi gabeak dira, berdinak izanik espezie bereko bizidun guztiengan. Bigarrenak ikasi egiten dira eta, lehenengoen aldean, ez dira heredagarriak. Azken hauetan garunak parte hartzen du, ez-borondatezkoak izan arren. Pavlov-ek ikertu eta aurkitu zituen bere txakurrekin egindako esperimentu klasikoetan.
Sortzetiko erreflexuen adibideak ugariak dira: jaioberri batean oratze-erreflexua eta xurgatze-erreflexua aipa daitezke, esaterako. Beste bat erreflexu errotulianoa da: belauneko kolpe batek zangoaren ez-borondatezko berehalako luzapena eragiten du.
Mota honetako erreflexuak ikertzeko entzefalorik gabeko animaliak erabiltzen dira laborategian; horretarako, muinean ebaketa bat egiten zaie, bizkarrezur-erraboilaren azpitik. Garunik gabeko animalia hauek ordu batzuetan bizi daitezke, automata moduan: ezin dute borondatezko ekintzarik burutu eta beren ekintza guztiak erreflexu hutsak izaten dira.
Animalia baten hanka erretzen bada, animaliak hanka kenduko du estimulu mingarritik, eta gero kexatu egingo da. Entzefalorik gabeko animaliek, aldiz, hanka mugituko dute, baina ez dira kexatuko: bizkarrezur-muinak eragiten du hankaren mugimendua (erreflexu begetatiboa baita), eta entzefaloak kexua (entzefalorik ez dagoenez, ez dago kexurik)