Errege Bardea | |
---|---|
II. maila: parke nazional | |
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Punta de la Negra |
Garaiera | 650 m |
Mota | parke natural eta naturagune babestua |
Azalera | 41.444,06609 ha |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°11′N 1°30′W / 42.19°N 1.5°W |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Leku geografikoa | Ebroko harana |
Errege Bardea[1][2][3] (gaztelaniaz: Bardenas Reales) edo Bardea[4][5][6] Nafarroako hego-ekialdeko eskualde natural zabala da, basamortu itxurakoa, 41.845 hektareako eremua hartzen duena. Landaredia urria denez, urak azkar eta sakon higatu ditu bertako buztinezko geruza marroixkak. Era horretan, sakan, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ikusgarriak eratu dira.[7]
Bardean ez da gune populaturik, eta ez dago inolako udalerrira adskribatuta.[7] Nafarroako Erriberako 19 herrik erabiltzen dute lurralde hori, Bardeako mugetan daudenak batzuk (Buñuel, Fustiñana, Cabanillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita, Alesbes, Caparroso, Melida, Santacara eta Zarrakaztelu) eta mugetatik urrun besteak (Corella, Cortes, Milagro, Martzilla, Funes, Azkoien eta Faltzes). Hauez gainera, Erronkari eta Zaraitzu ibarrek eta Olibako monasterioak ere dute Bardearako eskubidea. Horiek denek Errege Bardeako Komunitatea osatzen dute.
1999an, Nafarroako Gobernuak parke natural izendatu zuen, eta 2017an Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu.[8]2000an, biosfera erreserba izendapena eman zion UNESCOk.[9] Hiru natura erreserba daude parkearen barnean: Caídas de la Negra, Rincón del Bú eta Vedado de Eguaras. Azken hau, geografikoki Bardean egon arren, administratiboki Arguedas udalerriaren barnean dago. 1951tik, Espainiako Aire Armadak 2.222 hektareako tiro eremua dauka Bardean. 2016an, tiro eremua kentzeko eskatu zuen Nafarroako Parlamentuak.[10]
espnat
izeneko erreferentziarako