Erwin Johannes Eugen Rommel (Heidenheim an der Brenz, Württemberg, Alemania, 1891ko azaroaren 15a - Herrlingen, Alemania, 1944ko urriaren 14a) alemaniar mariskala izan zen, Bigarren Mundu Gerran Alemaniako armadako zelai-jeneral nabarmenenetako bat. Deutsches Afrika Korps guda taldearen buruan, Basamortuko Azeria (Wüstenfuchs) goitizena jaso zuen Ipar Afrikan egindako kanpaina militar arrakastatsuengatik. Hori dela eta, tropen eta Adolf Hitlerren beraren errespetua ez ezik, Commonwealtheko armada etsaiarena ere lortu zuen.
Ipar Afrikako Ardatzaren porrotaren ondoren, Aliatuen Normandiako Lehorreratzeari eta Frantziako inbasioari aurre egin zion alemaniar armadaren buruan jarri zuten Rommel. Kargu horretan zela, 1944ko uztailaren 20an Hitler hiltzeko konspirazioan parte hartu izana leporatu zioten. Bere buruaz beste egin zuen 1944ko urriaren 14an.