Esklabotza edo esklabotasuna[1] pertsona batek, esklabo izenekoak, horren jabetzat jotzen den nagusiari obedientzia osoa zor izatea da, inolako soldatarik eta eskubiderik gabe. Esklaboak jabea obeditu behar du jaiotzatik edo saldua nahiz harrapatua izan denetik (askatasunetik esklabotzarako urratsa), hil edo aske geratu arte (esklabotzatik askatasunerako urratsa).
Esklabotza jabetza-legearen printzipioei aplikatzen zaien edozein sistema da, pertsona batzuei beste pertsona baten jabea izatea, erostea eta saltzea ahalbidetzen diena, de iure ondasun gisa.[2] Esklabo bat ezin da halako moldaketatik bere kabuz aldendu, eta ordainsaririk gabe egiten du lan. Aditu askok gaur egun “ondasun esklabotza” (ondasun pertsonala) terminoa erabiltzen dute legezkotasunaren, de iure esklabotzaren zentzu zehatz honetarako. Adiera zabalago baten, esklabotza hitzak norbanakoari bere borondatearen aurka lan egitera behartuta dagoen edozein egoerari ere erreferentzia egin diezaieke. Adituek, gainera, askatasunik gabeko lana edo behartutako lana bezalako termino generikoagoak erabiltzen dituzte, horrelako egoerak aipatzeko.[3] Hala ere, hitzaren esanahi zabalagoan, esklabotzaren azpian esklaboek lege eta ohituren arabera, eskubide eta babes batzuk izan ditzakete.
Esklabotza kultura askotan egon zen, jatorria gizakiaren zibilizazioen hasieran kokatuz.[4] Pertsona bat jaiotzatik edo harrapatua zein erosia izan zelako bihur zitekeen esklabo. Esklabotza legezkoa zen gizarte gehienetan garai batean, baina gaur egun legez kanpokoa da herrialde guztietan.[5][6] Esklabotza ofizialki indargabetu zuen azken herrialdea Mauritania izan zen, 1981tean. Dena den, gutxi gorabehera 40 milioi pertsona daude egun mundu osoan esklabotza modernoaren menpe.[7] Esklabotza modernoaren forma ohikoena pertsonekin trafikatzeari esaten zaio. Beste arlo batzuetan, esklabotzak zorraren morrontza bezalako praktiken bidez dirau: egun, esklabotzaren forma hedatuena da. Halaber, gatibu mantentzen diren etxeko zerbitzariak, edo haurren zenbait adopzio mota esklabo gisan lan egitera behartzeko, edo haur soldaduak, edo behartutako ezkontzak.[8]
Esklabotzaren amaierako nazioarteko eguna abenduaren 2an ospatzen da.[9]