Eskusoinu txiki | |
---|---|
eskusoinu txikia | |
Fabrikazioa | |
Sortzailea | Jazinto Rivas |
Jatorrizko herrialdea | Espainia eta Italia |
Historia | |
Sorrera | 1890 |
Eskusoinu txikia botoidun akordeoi diatoniko mota bat da, Europako beste herrialde batzuetatik ekarritako akordeoi diatonikoei egindako hainbat aldaketekin Euskal Herrian errotu zena. Trikitia[1] —edo, zenbait euskalkitan eta orohar hedatuago, trikitixa— deitzen zaio (nagusiki Trikiti musika jotzeko erabilti ohi izan delako); bai eta iraganean infernuko hauspoa[2] ere (Erromatar Eliza Katolikoko apaizek emandako izena, eliza horren moralaren aurkako ohiturak sustatzen zituela eta). Giltzadi instrumentu hau Euskal Herrira italiar langileek ekarri zuten XIX. mende erdi aldera.
Euskal akordeoi diatonikoak baditu bi botoi gehigarri beste lurraldeetako akordeoi diatonikoek ez dituztenak, Jazinto Rivas Elgetak gehitu zizkionak, eta bere ikasleek ere gehikuntza onartu zutelako iraun dute gaur egun arte. Bi botoi gehigarri hauek eskala kromatiko osoa bi oktabatan jo ahal izatea ahalbidetzen dute.
Trikitixa urte askotan panderoaz lagundurik jo izan da, festa herrikoietan. Jatorriz, eskusoinu txikia zeritzon instrumentuari eta trikitia edo trikitixa panderoak eta eskusoinu txikiak osaturiko taldeari (eta, hedaduraz, jotzen zuten musikari)[4]. Europako beste lur batzuetan eta Ameriketan ere ezaguna da, bestelako aldaera askorekin.