Espezia

Espeziak Marokon

Espeziak, berez, landare aromatikoen atalak dira, edo landare desberdinekin eginiko nahasketak eta, orokorki, parte gogorrak (haziak, azalak, baiak) baizik ez diren arren, askotan belarrak ere halakotzat jotzen dira, lehortutakoan. Latinetik etorri da hitza (species: hasieran, "itxura"; geroago, "ondasun" edo "merkantzia", urrutikoak, bereziki).[1][2][3][4]

Urruti-urrutitik eta hamaika arrisku saihesturik ekarritako botika eta "erdi magiako" produktua zenez, Antzinatean (orain lau-bost mila urte, Asia osoan) eta Erdi Aroan (Europa hegoaldean) bai gizakiarentzat, bai gizarteentzat ere, balio eta kostu handieneko produktu komertzialetako bat izan zen, jana ez usteltzeko tresna zirelako, batetik, eta gaitzak sendatzeko bidea, bestetik. Tiro, Damasko, Antiokia, Babilonia, Alexandria, Genova, Venezia eta beste hainbatek espeziari zor diote ospea, espezia-merkatuei, merkatu beltza barne. Era berean, espeziak ekartzeko bide laburragoak bilatzeari esker etorri ziren aurkikuntzak: Amerika, bestelako espeziak, etc. Urre gorriak baino prezio handiagoa izan zuten espezia batzuek (kardamomoak, azafraiak, muskatuak, piperbeltzak) ezagutzen hasi zirenetik garraio azkarra eta hotz industriala indartu arte, honek janari freskoa kontsumitzea ahalbidetu zuelako, hein handi batean, osasunaren mesedetan.[1]

Landarezko produktu hau, beti landarezkoa, osorik zein hauts bihurtuta, elikagaiei eransten zaie kopuru txiki-txikitan, dela gaitzetatik (lizunak) babesteko, dela elikagaiak bestela janzteko, hauen tankera, testura, kolore, usain edota zaporea aldarazteko, jangarri luzaro kontserbatu ahal izateko, elikagai berriak lortzeko, etc.

Espeziek ez ohi digute nutrizio-ekarpenik egiten. Askotan, apetituan duten eragina izaten da garrantzitsuena. Jakia aromaz edo zaporez dotoretzeko ahalmen handikoak izaki, elikagaiari amiñi bat jartzea nahikoa izaten da gustua zuzentzeko, kolorea alaitzeko, tekoa ezabatzeko, etab.; dosi handitan hartuz gero, oso litekeena da espezietako asko toxiko gertatzea organismoari, are hilgarria ere. Espezia askok organismoak xurgatu ezinezko konposatuak dituztenez, zuzenean ezeztatzen dira. Beste batzuk digestio-entzimek suntsitzen dituzte.

  1. a b Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 162 eta hurr. or. ISBN 978 84 9172 259 5..
  2. Arantza, Lorenzo; Uranga, Ane Miren. «Espeziak eta gozagarriak» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  3. Lorenzo, Arantza. «Espezia eta usain belarrak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  4. Espeziak eta gozagarriak, zapore ukitu bat gure mahaian | Consumer. 2002-11-06 (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).

Developed by StudentB