Estoizismo

Ustez Seneka irudikatzen duen soingain bat: Pseudo-Seneka. Seneka estoiko nabarmen bat izan zen.

Estoizismoa (grezierazko στωα hitzetik[1], "estoa") garai helenistikoan garatu ziren eskola filosofikoetako bat da, eszeptizismoarekin eta Epikurok sortutako eskolarekin batera. Estoizismoaren jarraitzaileei estoiko deritze. Etikan eragin handiko joera filosofikoa izan da. K. a. III. mendean abiatu zen Zenon Zitiokoaren eskutik eta bere eragina zabala izan zen III. mendera arte, sei mendetan zehar. Erromako inperioan garrantzi handia izan zuten Seneka eta Marko Aurelio filosofia horren jarraitzaileak izan ziren. Halaber, filosofia modernoan ere zabaldu da pentsaera estoikoa [2]. Gizartean zorigaitza eta ezbeharrak etsipenez onartzen duen bizitza-jarrera gisa ere ulertzen da [3]. Estoizismoaren pentsaeraren arrastoak egun gizarteak ekintzak eta gertaerak zentzutasunez eta jakinduriaz baloratzeko moduan ere hauteman daitezke[4][5][6].

Zenon Zitiokoa (K.a. 335-264) filosofoak Atenasen sortu zuen eskola honen arabera, eta epikuroek uste ez bezala, jainkozko plan bat dago unibertsorako. Unibertsoak aurrez definituriko xede unibertsal bat duela diote, eta gizakia horren barruan sartzen dela. Xedea aldaezina eta ez-malgua da, eta pertsona bertutetsuak horretara egokitu behar du, hori baita zoriontsu izateko modu bakarra. Bestetik, estoikoak kosmopolitak dira, pertsonen arteko anaitasun unibertsala aldarrikatzen dute eta herrialdeen arteko mugak ezabatzearen alde daude.

  1. Jarraitzaileak stoa poikilé izeneko Atenasko agorako ate batean biltzen baitziren.
  2. Estoikoek Kant, Spinoza eta Rousseau filosofoengan eragina izan zutela baieztatu da. Ikus, (Gaztelaniaz) Marcelo D. Boeri: Los estoicos antiguos, 16. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) Juan Berraondo: El estoicismo, 9. orrialdea.
  4. Estatu Batuetako Armadako James Stockdale almiranteak Vietnamgo gerran preso izan zelarik, eta oro har bere bizitzan, Epiktetoren irakaspenek eman zioten laguntzaren berri eman zuen: (Ingelesez) Thoughts of a philosophical fighter pilot, Hoover Institution Press, Stanford University, 1995.
  5. Arestian aipaturiko etsipen jarrera, esaterako, estoikoek defendatzen zuten munduaren behartasunean oinarritzen da.
  6. (Gaztelaniaz) Nicolas Abbagnano: Historia de la filosofía. 168-181 orrialdeak.

Developed by StudentB