Estonia[1] (estonieraz: Eesti), ofizialki Estoniako Errepublika (estonieraz: Eesti Vabariik), Iparraldeko Europako estatua da, Baltikoko estatuetan txikiena. Iparraldean Finlandiako golkoa du, mendebaldean Itsaso Baltikoa, hegoaldean Letonia, eta ekialdean Peipus aintzira eta Errusia. 1.500 uharte inguru dauzka; handienak Saaremaa, Hiiumaa, Muhu eta Vormsi dira. 45.336 kilometro koadroko eremua du,[2] eta 1.315.635 biztanle zituen 2017an.[3] Hiriburua Tallinn da, eta beste hiri nagusiak Tartu eta Narva. Errepublika parlamentarioa da, Europar Batasun, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.