Etika (grezierazko ήθος, "íthos", hitzetik; euskaraz, ohitura), batzuetan filosofia moral ere deitua, ona, egokia eta moralari jarraiki zuzena denaren oinarriak aztertzen dituen filosofiaren adarra da. Askatasuna modu egokian kudeatzeko jakinduria moduan ere definitzen da.[1] Bertutetsu eta zoriontsu izateko nola bizi, norberaren helburuak baliozkoak diren eta horiek lortzeko nola jokatu behar den eta norberaren jokabidea zuzena den epaitzean kontzientzia, agintea edo arrazoia kontuan hartu behar ditugun aztertzen ditu etikak. Moralak irizpide filosofiko, erlijioso eta kulturalen arabera ona eta txarra, zuzena eta okerra, besterik gabe bereizten ditu; etikak, ordea, ona eta txarra bereizten dituzten printzipio eta irizpideak arrazionalki ikertzen ditu. Arrazionalki gogoeta eginez, etikaz hausnartuz, alegia, zuzena dena etikoa dela ere esaten da. Beraz, etika eta morala estuki loturik daude, epai etikoak egitean pertsona, egoera edo ekintza baten moraltasuna ere baloratu egiten baita. Hain zuzen ere, epai etikoek eta arau moralek ona, txarra, zuzena, okerra, nahitaezkoa bezalako adjektiboak partekatzen dituzte.
Etika hiru adar nagusitan banatzen da. Batetik, metaetika deiturikoak printzipio etikoen jatorria eta zentzua aztertzen ditu. Bigarrenik, etika normatiboak egoera orokorretan nola jokatu behar dugun erabakitzerakoan sortzen diren galderak aztertzen ditu (balio moralen inguruan, axiologia atalean; bizitza zoriontsuari buruz, eudemonologian; eta betebeharren inguruan, deontologian). Azkenik, etika aplikatuak egoera eztabaidatsu konkretuak aztertzen ditu, hala nola abortuaren auzia, eskubideak edo heriotza zigorra. Etika aplikatuaren baitan bioetika adarra nabarmentzen da.
Hiru adar nagusi horietaz aparte, badago etika deskriptiboa deiturikoa ere, zeinak pertsonen uste eta sinesmen moralak aztertzea duen helburu.