Euskal Herriko Rock Erradikala,[1][2][3] erdal musika ere barne hartzen duen arren euskaraz Euskal Rock Erradikala izenez ezagunagoa (dena dela, gaztelaniaz asmatu zen izena —Rock Radical Vasco, Rock Radikal Vasco edo RRV— eta luzaroan ez zuen euskal izenik izan) Hego Euskal Herrian 1980ko hamarkadan izandako euskal eta erdal musikako mugimendu bat da. Estilo ezberdinak sartzen ziren, hala nola punk, rock, ska eta reggaea.
Rock Radical Vasco izena, Egin egunkarian 1983ko urriaren 16an argitaratutako manifestu batean agertu zen lehen aldiz, Jose Mari Blasco musika managerrak sinatua, eta elkarren kontrako hainbat jarrera sorrarazi zuen. Abertzale izan edo ez, talde askori beren burua etiketa horren pean zaku berean sartzea ez zitzaien ongi iruditu. Eskorbutokoek, esaterako, «Rockak aberririk ez du» erantzun zuten.
Musikari haiek batzen zituen ezaugarria kritika sozial eta politikoa zen, eta letretan ia beti botere erakundeak kritikatzen zituzten: Estatua, polizia, monarkia, Eliza Katolikoa, armada eta guardia zibila, konparazio batera. 1980ko krisi ekonomikoa ere beren letretan islatu zuten. Irrati libreekin, fantzineekin, gaztetxeekin eta hainbat talde alternatiborekin batera, ezker abertzalearen inguruko erakundeek musika talde horiei arnasa hartzeko bidea eman zieten. Herri Batasunak, Martxa eta Borroka izeneko kanpainaren bidez, rock kontzertuak eta ekitaldi politikoak uztartzea lortu zuen, eta horrek RRVko taldeei emanaldiak lortzea erraztu zien.[4] Gainera, adibidez Egin egunkariak antolatutako maketa eta kontzertu lehiaketei esker, historiara igaroko ziren hainbat talde ezagutarazi ziren: La Polla Records, Hertzainak, Potato eta Kortatu, besteak beste. Gaur egungo gazteek ere talde hauek entzuten jarraitzen dute, baina ez lehen bezala.