Feminismoa |
---|
Feminismoa mugimendu politikoen, ideologien eta gizarte-mugimenduen multzo bat da, sexuen arteko berdintasun politiko, ekonomiko, pertsonal eta soziala definitu, egonkortu eta lortzeko helburu partekatua duena.[1][2] Helburu honen barruan emakumeentzat gizonezkoek dituzten hezkuntza eta lan aukera berdinak lortzea dago ere. Zentzu zabalean, feminismoak matxismoaren zein patriarkatuaren aurka egiten duen mugimendua ere bada.
Mugimendu feministek emakumeen eskubideen aldeko kanpainak egin izan dituzte eta egiten dituzte, bozkatzeko eskubidea, hautatua izateko eskubidea, lanerako eskubidea, soldata berdintasunaren aldekoa, ondasunak izateko eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, kontratuak egitekoa, ezkontzan eskubide berdintasuna izatearen aldekoa edo amatasun baimena bezalakoak. Feminista askok abortatzeko eskubidea edo gizarte integrazioaren alde ere egin dute lan, emakumeak eta neskak sexu-abusu eta bortxaketengandik babesteko, edo etxeko zein kanpoko emakumeen aurkako indarkeria eta feminizidioen aurka.[3] Mugimendu feministak jantzi ohikoetan edo jarduera fisikoan aldaketa ere bultzatu izan du.[4]
Feminismoak bultzatutako kanpainek aldaketa historiko nabarmenak eragin dute emakumeen eskubideen eremuan, batez ere Mendebaldean. Ia iturri guztiek onartzen dute feminismoak lortu duela emakumeen boto eskubidea, ugaltze eskubide asko (antisorgailuak eta abortatzeko eskubidea barne) eta kontratuak zein ondasunak izateko eskubidea.[5] Honakoak dira Frantziako hezkuntzan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren egindako progresoa:[6]
Eta honakoak dira 1960 eta 1970eko hamarkadetan Frantzian (Espainian ere baina hainbat urte geroago onartu ziren) emakumeen eskubideak garatzeko sortu ziren lege batzuk:[6]
Feminismoa, oro har, emakumeen eskubideetan zentratu izan da, baina badira feminista batzuk, adibidez bell hooks, proposatzen dutenak genero rol tradizionalek gizonezkoak ere kaltetu dituztela eta, beraz, gizonen askapena ere ematea beharrezkoa dela.[7] Teoria feminista, mugimendu feministatik eratutako filosofia feminista, genero desparekotasuna emakumezkoen rol sozialen ikerketatik aztertu nahi du. Teoria ezberdinak garatu izan dira genero arazoei erantzuteko asmoz.[8][9] Denborarekin, zenbait azpi talde sortu dira mugimendu horren inguruan, hala nola: feminismo kulturala, feminismo erradikala, ekofeminismoa, feminismo liberala, diferentziaren feminismoa, feminismo marxista, feminismo separatista, feminismo filosofikoa eta kristau feminismoa. Feminismoak ere izan ditu kritikak, emakume zuri eta mendebaldekoa bakarrik ordezkatzeko joera dela eta, eta horregatik sortu dira ere feminismo beltza, intersekzionalitatearen teoriak[10] eta feminismo komunitarioa.
Feminismoa XX. mendean agerikoa izaten hasi zen, baina historian zehar emakume ugari izan dira feminismoa defendatu dutenak, hala nola: Frida Kalho, Emmeline Pankhurst, Olimpia de Gouges, Clara Zetkin, Indira Gandhi, eta abar. Feministak gizonezkoak zein emakumezkoak izan daitezke eta emakume guztiak ez dira feminista.