Fernando Alonso Díaz (Oviedo, Asturias, 1981eko uztailaren 29a) 1 Formulan Aston Martin taldearekin lehiatzen duen gidari espainiarra da. 2005 eta 2006. urteetan Munduko Txapelketa irabazi zuen Renaultekin, eta McLareneko, Ferrariko eta Minardiko taldekidea izan da. 2018-2019ko FIA Erresistentzia Txapelketa irabazi zuen eta Le Manseko 24 orduko lasterketa bi aldiz irabazi zuen, 2018an eta 2019an, Toyota taldearekin. 2019an, Daytonako 24 orduko lasterketa irabazi zuen, Wayne Taylor Racing taldearekin.
Alonso hiru urterekin hasi zen kart lasterketetan parte hartzen eta arrakasta lortu zuen tokiko, herrialdeko eta nazioarteko txapelketetan. 17 urterekin lasterketa-autoak gidatzen hasi zen eta 1999an Nissan-en Euro Opena irabazi zuen. 2000. urtean laugarren geratu zen Nazioarteko Formula 3000 txapelketan. Hurrengo urtean bere debuta egin zuen 1 Formulan, Minardi taldearekin, eta urtebete geroago Renaulteko test gidari bihurtu zen. 2003an gidari ofizial bihurtu zen, eta 2005. eta 2006. urteetan bere bi munduko txapelketak irabazi zituen marka ugari hautsiz: gidaririk gazteena izan zen polea lortzen, lasterketa bat irabazten, txapelketa bat irabazten eta bi txapelketa irabazten. Gaur egun, errekor horiek ez dira berarenak. 2007an taldez aldatu zen, McLarerena pasatuz, eta txapelketa irabaztetik puntu batera geratu zen (Kimi Räikkönen izan zen irabazlea). 2008an Renaultera itzuli zen, arrakasta handirik gabe. 2010etik 2014ra arte Ferrariko gidaria izan zen, eta txapelketan bigarren geratu zen 2010ean, 2012an eta 2013an (hiru urteetan Sebastian Vettel izan zen irabazle). 2015ean McLarenera itzuli zen eta 2018an lehiaketa utzi zuen, erresistentzia txapelketetan parte hartzeko asmoz. 2021ean itzuli zen, Alpine taldearekin, eta Qatarreko lasterketan zazpi urtetan lehen podioa eskuratu zuen.
Alonsok gaur egun 32 lasterketa irabazi ditu eta 22 pole lortu ditu. 2018an atsedena hartu aurretik, 1.899 puntu lortu zituen. 1 Formularen historian distantzia gehien egin duen gidaria da. 1 Formulan lasterketa bat irabaztea lortu duten bi gidari espainiarretako bat da, eta munduko txapelketa irabaztea lortu duen bakarra. 2001ean Txapeldunen Lasterketako Nazioen Kopa irabazi zuen Jesús Puras rally gidariarekin eta Rubén Xaus moto gidariarekin, eta hiru aldiz hartu du parte Indianapolis 500 erresistentzia-lasterketan, 2017, 2019 eta 2020. urteetan. Hiruko Koroa irabazteko falta zaion azken lasterketa da hau, eta gaur egun aktibo dauden eta koroa lortzeko lasterketa bakarra falta zaien bi gidarietako bat da, Juan Pablo Montoyarekin batera. Asturiasko Printzesa saria eta Espainiako Kirol Sari Nazionala lortu ditu eta FIAren Hall of Fame-an bi aldiz gehitua izan da. Gazteen karting talde baten nagusia da eta UNICEFen enbaxadorea ere bai.