Florentzia[1] (italieraz Firenze) Italiako Toscana eskualdeko eta Florentziako probintziako hiriburua da.
Italiako zortzigarren hiria da, populazioaren arabera, eta Toscanako lehena[2]: hiriguneak 382.258 biztanle ditu, 2017ko datuen arabera, eta inguru metropolitarrak, aldiz, 1.011.349 biztanle; Florentzia-Prato-Pistoia metropoli-eremuak, guztira, 1,5 milioi biztanletik gora ditu[3].
Bertako erdigune historikoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 1982an. 1986an Europako kultura-hiriburua izan zen. Errenazimentu edo Pizkundearen sorlekutzat hartzen da, bai eta italiera hizkuntzarena ere, literaturan erabiltzen hasi zen hizkuntza florentziarrari esker. Artearen eta arkitekturaren sehasketako bat ere irizten zaio, eta munduko hiririk ederrenetako bat bere monumentu eta museo ugariei esker, hala nola Santa Maria del Fiore katedralea, Santa Croce basilika, Santa Maria Novella basilika, Uffizi Galeria, Ponte Vecchio, Piazza della Signoria, Palazzo Vecchio eta Pitti Jauregia.
Balio handiko ondare artistiko, literario eta zientifikoak utzi zituzten hiri honetako erdigune historikoan iraganeko jenioek, hala nola Petrarca, Boccaccio, Brunelleschi, Michelangelo, Giotto, Cimabue, Botticelli, Leonardo da Vinci, Lorenzo de 'Medici, Makiavelo, Galileo Galilei eta Dante Alighierik. Ondare historiko-artistiko, zientifiko, natural eta paisajistiko aberats horri esker, hiriko erdigunea eta haren inguruko muinoak "aire zabaleko museo"a dira.
Erdi Aroan, topagune artistiko, kultural, komertzial, politiko, ekonomiko eta finantzario garrantzitsua izan zen; aro modernoan, Toscanako Dukerri Handiaren hiriburua izan zen 1569tik 1859ra, Medici eta Lorrena familien gobernuarekin, eta estatu aberats eta modernoenetako bat bihurtu zen. Hiria Italia eta Europako historiaren funtsezko bidegurutze bat izan zen, hainbat gorabehera politikoren ondorioz, finantza eta merkataritza alorrean zeukan botereagatik eta kulturaren arlo guztietan lortu zuen ospeagatik. 1865ean, Italiako Erresumaren hiriburu izendatua izan zen (bigarrena, Turinen ondoren), eta 1871 arte mantendu zuen estatus hori, Risorgimentoaren amaiera markatzen duen urtera arte, hain zuzen.