Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian

Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian bertako erakunde publiko eta lege sistemaren bukaera izan zen Frantziako Iraultzaren aldian (1789-1795). Euskal autogobernua frantses tropak Euskal Herrira heldu zirenean desegin zen eraginkorki, Konbentzioaren Gerran kokatuta, herritarren kontrako izua zabalduz Lapurdin. 1780ko hamarkadan, Frantziako Koroaren hertsapen fiskalak handitu egin zuen haren eta mendeko lurraldeen arteko leizea, baita estamentuen arteko gatazka bizitu ere. Ipar Euskal Herrian, oso bizirik ziren herri lurren eta estatuen arteko mugaren inguruko gatazka eta aztoramendua, bereziki Baigorri haranean. Bestalde, artean, Nafarroa Beherea ez zen, formalki, Frantziako Erresumako zati.

Administrazio eta politika diseinu berriaren ondorioz, 1789ko abuztuaren 4an Parisen erabakia, beharturik desagerrarazi ziren Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ordu arteko gobernu eta jurisdikzio organoak. Euskal departamentu bat eratzeko euskal ordezkariek egin ahaleginak ahalegin, Pirinio Apaletako departamendua eratu zen trukean (legez, 1790eko otsailean), euskaldunak eta bearnesak administrazio lurralde berean gogoz kontra elkartuz, Frantziako departamendu sistema berrian kokaturik; diseinu horrek egun arte iraun du.

Elizjendearen Konstituzio Zibila, Ipar Euskal Herrian arbuiatua, ezarri zenean, herritar ugarik ihesari eman zioten, Pirinioak Gipuzkoa eta Nafarroa Garaira zeharkatuz eta batzuek hor erresistentziarekin bat eginez. Konbentzioaren Gerraren hasierak (1793ko martxoa) ekarri zuen aldaketa bortitzena eta itzulezina. Mendebaldeko Pirinioetako Armadak hartu zuen agintea Ipar Euskal Herrian, Konbentzio Nazionaleko mandatarien pean: Jacques Pinet eta Jean-Baptiste Cavaignac. Haiek agindu zuten Lapurdiko zenbait herritako ehunka (edo milaka) biztanleren deportazioa.

Hertsapen giroaren aldi gogorrena 1795eko uztailean joan bazen ere, Frantziako nazio estatuaren aztarna geratzeko heldu zen, euskaldunen birnazionalizazio eredu bati ekinez, hezkuntza eta zerbitzu militarra ardatz harturik. Napoleonen 1814ko porrotaz geroztik ez zen eredu hori baliogabetu. Ipar Euskal Herria, berriz, joera politiko eliztarrari eta kontserbadoreari atxiki zitzaion. Hego Euskal Herrian, Lehen Karlistalditik Bigarren Karlistaldi osteko aldira galdu ziren foruak.


Developed by StudentB