Francesco Petrarca (Arezzo, 1304ko uztailaren 20a - Arquà, 1374ko uztailaren 19a), XIV. mendeko italiar erudito, olerkari eta humanista izan zen. Nahiz eta latinez idatzi zituen lanak garrantzi handikoak diren haren psikologia eta humanismoa ezagutzeko, italierazko Canzoniere («Kantutegia», 366 kantu guztira) obrak eman zion sona eta ohorea. Tradizio siziliarraren eta proventzerazkoaren ildoan idatzita dago eta gai nagusia maitasuna du. Sentimenduen azalpena, irudiak, hiztegia bera ere, nahiko arruntak badira ere, Petrarcaren handitasuna sentimenduak erritmora eta neurkerara egokitzean datza eta, orobat, gizakiaren zerunahiaren eta mundunahiaren arteko tentsioaren azalpenean.
Haren familia Florentziatik erbesteratua izan zen, eta, haiekin batera, artean haurra zela, Proventzara joan behar izan zuen. Lege-ikasketak egin zituen Montpellierren eta Bolonian. 1326an Avignonera joan zen, Aita Santuaren gortera, eta han ordena txikiak hartu zituen. Handik urtebetera ezagutu bide zuen Laura, beraren Canzionere obra nagusiko pertsonaia eta musa. Idazteari, ikasteari eta bidaiak egiteari ekin zion, zenbait handikiren diru-laguntzari esker. Italieraz idatzitako olerkiekin batera, latinez ere idatzi zuen. Nabarmentzekoa da obra horien artean 1338an hasi zuen Africa poema epiko luzea, Eszipion Afrikarrari buruzkoa. 1341ean, poesia-saria jaso zuen Roberto I.a Napolikoa erregearen eskutik. Garai hartan hasi zen Secretum obra idazten, latinez idatzi zituenen artean interesgarrienetakoa, San Agustinen eraginpean idatzia. 1345etik aurrera, bolada batez, bere Vaucluseko etxean sartu eta erlijio bakardadearen loria goraipatu zuen hainbat idazlanetan: De vita solitaria, De otio religioso, eta Bucolicum carmen.
Petrarcak goren mailako lekua izan du poesiaren historian eta baita Europa kristauko kulturan eta kultura modernoan ere. Dena dela, haren eragina ez zen literaturaren alorrera mugatu, bizitza moralean eta politikoan ere eragin handia izan baitzuen. Haren poesiak, haren gogoeta moralek eta espiritualek, historiaren ezagutza analitikoak eta aldi berean sintetikoak, eta, azken finean, haren lan guztiak helburu nagusi bat zuen: antzinako mundua eta kultura fedegabea batetik, eta bestetik, mundu kristaua eta fedea batu nahiak mendeetan zehar sortu dituen arazoei irtenbidea bilatzea.