Fundamentalismoa doktrina baten tradiziozko edukiari tinko atxikitzen zaion muturreko joera da, gizarteko arlo sozial, ekonomiko, politiko, kulturala eta bizimodua, oro har, erlijiozko sineste eta dogmen arabera neurtu eta xedatu nahi dituena[1]. Gehienek integrismoa fundamentalismoaren sinonimotzat jotzen dute; hala ere, badaude hitz bien esanahia bereizten dituztenak. Horien ustez, fundamentalismoa joera modernoa da, gizartearen sekularizazioaren aurkakoa; eta integrismoa, berriz, historikoa, erantzun tradizionalista bultzatzen duena. Era berean, badaude milenarismo edota mesianismoarekin nahasten dutenak, doktrina horietan fanatismo edo estremismoarekin lotura dagoelako. Fundamentalistek barne eta kanpo taldeak bilatzen dituzte[2][3][4] euren purutasuna mantentzeko.
Integrismoak erlijioa hartzen du biziaren gunetzat, eta, haren ustetan, fedea da erantzun iturri bakarra gizartearen nahiz gizabanakoaren arazo guztientzat. Hala, integrismoak ez du ontzat hartzen bizitzan eta gizartean alor desberdinak daudenik, eta erlijio buruen mendeko jartzen ditu bizitzaren alderdi guztiak; hau da, erlijioaren ikuspuntutik erantzun osoa ematen dio gizonaren eta gizartearen arazo orori.
Integrismoa indarberritu egin ohi da erlijio krisialdietan, hots, erlijio barnean joera desberdinak sortzen direnetan; hala gertatu zen G. Lefebvre apezpiku frantsesak zisma bati ekin zionean Paulo VI.a Aita Santuaren kontra (XX. mendearen bukaera aldera). Hitzaren esanahia hizkuntzaz hizkuntza aldatu arren, gehienetan, gutxiespen-zentzua du[5][6].