Futbol

10 zenbakia duen jokalaria baloia ostikoz jaurtitzekotan da. Atezainak eskuak erabil ditzake, baloia atean sar ez dadin saiatzeko.

Futbola taldekako pilota kirol bat da, hamaikana jokalariko bi talderen artean baloi esferiko batekin jokatze dena. 250 milioi jokalarik praktikatzen dute munduko 200 herrialde baino gehiagotan, eta beraz munduko kirolik hedatuena da;[1][2][3] eta diru gehien mugitzen duen kirola ere, saskibaloiarekin, 1 Formularekin eta golfarekin batera. Kirola bere muturreko bi aldeetan ate bat duen zelai laukizuzen batean jokatzen da. Jokoaren helburua baloia aurkako taldearen atean sartzea da.

Futbola antzinarotik jokatzen den baloidun jokoetako batetik eratorritako kirola da. Gaur egungo kirolaren arauak 1863an sortu ziren, Ingalaterran The Football Association elkarteak futbol arauak sortu zituenean.

Jokalariek ezin dute baloia eskuekin edo besoekin ukitu jokoan ari diren bitartean, atezaina area penalean dagoenean izan ezik. Beste jokalariek euren hankak erabiltzen dituzte, gehienetan, baloia pasa edo atera botatzeko, baina batzuetan eskuak edo besoak ez diren beste gorputzaren zatiak ere erabiltzen dituzte. Partidaren amaieran gol gehien sartu dituen taldeak irabazten du. Partidaren amaieran berdinketa baldin badago, partida horrela amai daiteke edo luzapena eta penalti jaurtiketak egin daitezke, lehiaketaren arabera. Munduan osoan, FIFA erakundeak kudeatzen du futbola, eta sei konfederaziotan banatuta dago: AFC, CAF, CONCACAF, CONMEBOL, OFC eta UEFA. FIFAk Munduko Futbol Txapelketa antolatzen du lau urtean behin.

Futboleko jokalariei futbolari deritze.

  1. Guttman, Allen. «The Diffusion of Sports and the Problem of Cultural Imperialism». In Eric Dunning, Joseph A. Maguire, Robert E. Pearton. The Sports Process: A Comparative and Developmental Approach. Champaign: Human Kinetics. 129. orr. ISBN 0-88011-624-2. «the game is complex enough not to be invented independently by many preliterate cultures and yet simple enough to become the world's most popular team sport»
  2. Dunning, Eric. «The development of soccer as a world game». Sport Matters: Sociological Studies of Sport, Violence and Civilisation. London: Routledge. 103. orr. ISBN 0-415-06413-9. «During the twentieth century, soccer emerged as the world's most popular team sport»
  3. «Team Sports». Catastrophic Injuries in High School and College Sports. Champaign: Human Kinetics. 57. orr. ISBN 0-87322-674-7. «Soccer is the most popular sport in the world and is an industry worth over US$400 billion world wide. 80% of this is generated in Europe, though its popularity is growing in the United States. It has been estimated that there were 22 million soccer players in the world in the early 1980s, and that number is increasing. In the United States soccer is now a major sport at both the high school and college levels»

Developed by StudentB