Ganges

Ganges
Datu orokorrak
Garaiera9 m
Motaibai
Luzera2.525 km
EponimoaGanga (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak22°05′00″N 90°50′00″E / 22.0833°N 90.8333°E / 22.0833; 90.8333
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera1.060.000 km²
Arro hidrografikoaGanges Basin (en) Itzuli
Ur-emaria12.000 m³/s
IturburuaGangotri Glacier (en) Itzuli
(7.756 m)
Bokalea
()
Bengalako golkoa

Ganges[1] (hindiz, maratheraz, bengaleraz, nepaleraz: गंगा edo Gaṅgā) Indiako azpikontinentearen ibai nagusienetako bat da.

Indiako azpikontinentearen nazioarteko ibaia da, eta Indian eta Bangladeshen barrena doa. 2525 km-ko ur-ibilgua Uttarakhand Indiako estatuko mendebaldeko himalaietan sortzen da, eta hegoalderantz eta ekialderantz doa, Ipar Indiako Indus-Gangesetako lautadan zehar. Mendebaldeko Bengalan sartu ondoren, bi banatzailetan banatzen da: Hooghly edo Adi Ganga, Mendebaldeko Bengalako zenbait barruti zeharkatzen dituena eta Sagar uhartetik gertu dagoen Bengalako badian ura husten duena eta, Padma, Bangladeshen barrena doana. Horrek Meghnarekin bat egiten du, eta, azkenean, badia berean amaitzen du. Bokalean, Brahmaputra ere iristen da, eta Ganges ibaiaren delta osatzen du. Munduko delta handiena da, Sundarbans izenez ezagutzen dena (baso ederrak); Mangladi-baso trinkoa du, eta Bengalako tigrearen habitat nagusietako bat da. Sundarbans parke nazionala dago bertan, eta Unescok, 1997an, Gizateriaren ondare izendatu zuen. Bere arroa munduko populatuenetako bat da, eta, hinduismoan, ibai sakratua da: Ganga jainkosa.

Ganges ibaiak eta haren ibaiadarrek 907.000 km²-ko arro emankorra drainatzen dute, eta biztanle-kontzentrazio handia jasaten du. Munduko dentsitate handienetako bat du (2005ean, munduko hamabi pertsonatik bat eskualdean bizi zen). Batez besteko sakonera 16 m-koa da, eta, gehienekoa, 30 m-koa. Hinduismoaren zazpi ibai sakratuetatik garrantzitsuena da[2], non milioika fededun bainatzen baitira purifikatzeko[3]. Indiarrak tropelean joaten dira ibaira hiltzera, zeren uste baitute Ganges ibaian hiltzea eta, batez ere, Varanasin, ezker aldean, Haragitze-zikloa amaitu eta moksha-ra (budisten nirvanaren baliokidea) iristeko aukera ematen duela. Maa Ganga (ama Ganges) edo Ganga Deví (Gaṅgā jainkosa)[4] izenez ezagutzen da. Tradizioaren arabera, Ganges ibaiaren urek zerua gurutzatzen zuten, eta Indiako basamortuek, berriz, egarriz hiltzen ziren.

Bhagiratha erregeak otoitz egin zien jainkoei, zeruak, bere urekin, lur egarrituak urezta zitzan; jainkoek jaramon egin, eta urak bidali zituzten lurrera, nahiz eta hain gogor erori, ezen gizateria guztien bizitza mozteko mehatxatu baitzuten. Orduan, miraria gertatu zen: Shivak (gizateriaz urrikalduta) eragin zuen urek bere buruaren gainera eror eta mila urtez bere ile luzeen zehar irrist egin zezaten, ibai sakratua (lasaia eta neurrikoa) Himalaian jaio baino lehen, gizakientzat arriskurik gabe.

Oso garrantzitsua da, halaber, gaur egun ibaitik hurbil bizi diren 400 milioi indiarrentzat, beren eguneroko beharretarako haren mende baitaude[5][6].​​ Historikoki ere, zeregin garrantzitsua izan du antzinako hiriburu probintzial edo inperial askoren ardatz eta euskarri gisa, hala nola Kannauj, Kamilya, Kara, Prayagraj, Kashgar, Patna, Hajipur, Munger, Bhagalpur, Baranagar, Murshidabad, Baharampur, Nabadwip, Saptagram eta Kalkuta). Hala ere, munduko ibairik kutsatuenetako bat ere bada[7], eta ozeanoetako poluzio-iturri garrantzitsua, mundu osoan, hondakin plastikoen isurketa dela eta[8]. Helmholtz Zentroak 2018an argitaratutako ingurumen-ikerkuntzarako egindako azterketa batek dio: itsas kutsadurari ekarpen handiena egiten dioten 10 ibaietako lehena dela, urtero 545 milioi kilo hondakin plastiko baitarama[9].​ Ibaian, Varanasi inguruan, giza hondakinetatik datozen bakterio koliforme fekalen mailak Indiako gobernuaren muga ofiziala baino milioi erdi aldiz handiagoak dira[7]. Gangesen Ekintza Plana, ibaia garbitzeko ingurumen-ekimena, porrot handia izan da orain arte[10], ustelkeriaren, gobernuaren borondate faltaren, burokraziaren, esperientzia tekniko faltaren, ingurumen-plangintza eskasaren eta agintari erlijiosoen laguntza faltaren ondorioz. Ibaiak duen kutsadura handia mehatxua da gizakientzat eta faunarentzat; 140 bat arrain-espezie, 90 anfibio-espezie eta bi izurde-espezie (Gangeseko izurdea[11], desagertzeko arriskuan eta Irrawaddy izurdea) daude tartean. Interesgarria da ere ''Glyphis gangeticus'' izeneko marrazo-espezie arraro batengatik. Glyphis gangeticus espeziea desagertzeko arrisku kritikotzat jotzen da.

Hain ibai inportantea da Indian, non Jawaharlal Nehruk Discovery of India bere liburuan idatzi zuen:

« Gangesaren historia, bere iturritik itsasora, aitzinetik gaur egunera, Indiako zibilizazioa eta kulturaren historia da, inperioen hasiera eta bukaera, hiri handi eta harroak, gizonaren balentriak… »
  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).
  2. (Ingelesez) Alter, Stephen. (2001). Sacred Waters: A Pilgrimage Up the Ganges River to the Source of Hindu Culture. Harcourt ISBN 978-0-15-100585-7. (Noiz kontsultatua: 2024-06-20).
  3. Luis Eduardo Galindo Neira (2007). Augusto Ochoa, ed. Ciencias Sociales. Bogotá: Santillana S.A. p. 85. ISBN 978-958-24-1870-0
  4. (Ingelesez) Bhattacharji, Sukumari. (1995). Legends of Devi. Orient Blackswan ISBN 978-81-250-0781-4. (Noiz kontsultatua: 2024-06-20).
  5. «June 2003 Newsletter». Clean Ganga. Archivado desde el original el 18 de mayo de 2009. Consultado el 16 de julio de 2010.
  6. Salemme, Elisabeth (22 de enero de 2007). «The World's Dirty Rivers». Time. Archivado desde el original el 25 de agosto de 2013. Consultado el 3 de mayo de 2010.
  7. a b «The world’s most sacred river—the Ganges—is also one of its dirtiest» The Economist ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  8. «90 percent of ocean plastic waste comes from Asia and Africa • Earth.com» web.archive.org 2019-01-09 (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  9. Manuel Moncada Lorén (Junio de 2018). «Los diez ríos que más plástico vierten a los océanos del planeta». National Geographic.
  10. "Clean Up Or Perish" Archivado el 3 de noviembre de 2011 en Wayback Machine., The Times of India, 19 de marzo de 2010
  11. (Ingelesez) Rice, Earle. (2012-09-30). The Ganges River. Mitchell Lane Publishers, Inc. ISBN 978-1-61228-368-5. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).

Developed by StudentB