Genetika

DNA, herentziaren oinarri molekularra

Genetika (greziera zaharretik γενετικός, genetikos, "genitibo" eta hau γένεσις-etik genesis, "sorrera") izaki bizidunetan dagoen aldakortasunaren eta herentziaren zientzia da, eta biologiaren diziplinetako bat da. Izaki bizidunek bere gurasoen ezaugarriak oinordetzan hartu izana historiaurretik erabili izan da laboreak eta abereak hobetzeko, hazkuntza selektiboaren bidez. Hala ere, genetikaren zientzia modernoa Gregor Mendel-en lanarekin hasi zen hemeretzigarren mendearen erdian. Mendelek ez zituen ezagutzen herentziaren oinarri fisikoak, baina, bere saioen bidez, organismoen ezaugarriak modu diskretuan heredatzen zirela frogatu zuen. Herentziaren oinarrizko unitate horiei gene deritze egun.

Geneak DNAren barnean dauden eskualdeekin bat datoz. DNA lau nukleotido-motaz osatutako kate bat da, eta nukleotido horien sekuentzia da, hain zuzen, organismoak heredatzen duen informazio genetikoa. DNA nukleotidoen segidak diren bi hari kiribilduz osatuta dago; bi harietako nukleotidoak elkarrekin lotuta daude bikoteka, DNAri eskailera kiribildu baten itxura emanez. Hari bakoitza aurkakoa den beste hariaren berdina sortzeko txantiloi gisa erabil daiteke; horixe da geneen kopiak egiteko metodo fisikoa.

Geneen nukleotido-sekuentziak (kode genetikoak, alegia) aminoazido-kateak sortzeko erabiltzen ditu zelulak. Proteina bateko aminoazidoen ordena genearen nukleotidoen ordenarekin bat dator. Aminoazido-kateak proteinak hiru dimentsioetan nola tolesten diren baldintzatzen du; egitura hori, gero, proteinaren funtzioaren erantzule da. Zelulek bizitzeko behar dituzten funtzio gehienak proteinen jardunaren ondorio dira. Gene bateko DNA aldatzen bada, gene horretatik eratorritako proteinaren aminoazidoak ere aldatu egiten dira, haien forma eta funtzioa eraldatuz, eta horrek eragin sakona eduki dezake zelulan eta organismo osoan.

Genetikak leku berezia betetzen du organismoen itxuran eta jokabidean, baina azken emaitza genetikaren eta ingurunearen konbinaziotik dator beti. Adibidez, geneek funtsezko eragina daukate pertsona baten altueran, baina pertsona horren elikadura eta osasuna ere, batez ere haurtzaroan, oso garrantzitsuak dira.


Developed by StudentB