Geografia Lurraren azterketa eta beronen itxura da: kontinenteak, ibaiak, herrialde, mendiak..., hau da, aspektu fisikoen eta gizakiarekin erlazionatuta dauden aspektuen (industria, ekonomia, demografia...,) harremanak ikertzen dituen zientzia da[1]. Harluxet hiztegiak "Lur planetaren gainazala deskribatzea eta azaltzea helburu duen zientzia, bereziki alderdi naturaletik begiratuta eta gizakiarekin duen erlazioa kontuan hartuz" dela dio[2]. Hori dela eta, gizarte zientzien barruan sartzen da. Fenomenoak non eta zergatik gertatzen diren toki jakin baten erantzuten saiatzen da.
Izena Ge (γη) edo Gagia (γαια), Lurra eta graphein (γραφειν) idatzi grezierazko hitzetatik dator. Izan ere, grezieraz γεωγραφία (geographia) da[3]. Geografia hitza erabili zuen lehendabiziko pertsona Eratostenes (K.a. 276-194) izan zen[4]. Historikoki lau adarretan banatuta zegoen: natura eta gizakien fenomenoen azterketa espaziala; Lurreko eskualdeen ikerketa; gizakia eta Lurraren arteko harremanaren ikerketa, eta Lurraren zientzien ikerketa[5]. Hala ere, gaur egun adar bi besterik ez ditu: giza geografia eta geografia fisikoa[6].
Geografia modernoaren helburu nagusia hainbat fenomeno natural eta sozial azaltzea da, eta ez da soilik fenomeno horien kokapenari buruzkoa; baizik eta, direnak izatera iristeko, fenomeno horiek nolakoak diren eta nola aldatu diren ere aztertzen du[7].
Geografia bi adar handitan banatzen da: lurralde-geografia eta geografia orokorra.
Lurralde-geografiak herrialde, estatu eta eskualdeetako lur-espazioaren azpibanaketak aztertzen ditu hainbat xehetasun-eskalatan: mendi-haran txiki baten azterketa geografikotik hasita erregioen, herrialdeen, nazioen edo estatuen eskualde-azterketa zabaleraino, baita espazio multinazionaletaraino ere. Geografia orokorra bi adar handitan banatzen da: geografia fisikoa eta giza geografia: