George Bernard Shaw (Dublin, Irlandako Errepublika, 1856ko uztailaren 26a - Hertfordshire, Erresuma Batua, 1950eko azaroaren 2a), idazle irlandarra, Literaturako Nobel Sariaren irabazlea 1925ean eta gidoi onenaren Oscar sariaren irabazlea 1938an.
Literaturako alor guztiak landu zituen arren, satira eta komediei esker izan zen batez ere ezaguna. Hogei urte zituela, Londresen egokitu eta Fabian Society erakunde sozialistaren kide sortzailea izan zen 1884an. Urte haietan idatzi zituen nobelek ez zuten arrakastarik izan, baina aldizkari berezietan azaldu zituen literatura- eta musika-kritikako lanek ospea ekarri zioten, Wagner-en musikari eta Ibsen-en antzerkiari buruz idatzitakoek bereziki. 1892an aurkeztu zuen lehen antzezlana, Widowers' Houses (Gizon alargunen etxeak) eta The Philanderer (1893, Amorantea) eta Mrs. Warren´s Profession (1893, Warren anderearen lanbidea) idatzi zituen ondoren. Viktoria erreginaren garaiko gizartearen hipokrisia salatu zuen lan horietan. Molde askotako obrak aurkeztu zituen ondorengo urteetan; haietan, garai hartako gizartearen arazoak eta gorabeherak erakutsi zituen betiere satirarako bideak osagarri komiko paregabeen bitartez zorroztuta. Militarismoa kritikatu zuen Arms and the Man (1894, Armak eta gizona) lanean, gizartean gailen ziren azaleko portaerak Major Barbara (1905, Komandante Barbara) obran, eta britainiarren klasismoa Pygmalion bere maisulanean (1913). Historian oinarrituriko obrak ere egin zituen: Caesar and Cleopatra (1901, Zesar eta Kleopatra) eta Androcles and the Lion (1912, Androkles eta lehoia). Lehen Mundu Gerraren ondoren, obra lirikoago bat idatzi zuen, Saint Joan (1923, Santa Joana) Joana Arc-ekoaren bizitzan oinarritua. 1925ean Literaturako Nobel saria eman zioten. Bere ideia sozialistei buruzko saioak idatzi zituen bizitzako azken urteetan.