George Orwell —jaiotza izenez, Eric Arthur Blair, baina idazletzat zerabilen George Orwell izengoitiaz ezagunagoa— (Motihari, Britainiar Raj, 1903ko ekainaren 25a - Londres, Ingalaterra, 1950eko urtarrilaren 21a) Indian jaiotako britaniar idazlea eta kazetaria izan zen.
Haren obrak bizitzan zehar izandako bizipen pertsonalen arrastoak ditu: gazte garaian Birmanian ordena kolonialaren ordezko gisan betetako postuaren ondorioz britainiar inperialismoaren aurka garatutako konpromisoa; Londres eta Pariseko langileriak sufritzen zituen bizi-baldintzak ezagutu ondoren, sozialismo demokratikoaren alde; eta, Espainiako Gerra Zibilean parte hartu ondoren, totalitarismo nazi eta estalinistaren aurka.
Kronista, literatura-kritikari eta nobelista izateaz gain, Orwell XX. mendeko 30 eta 40. hamarkadetako ingelesezko saiogile nabarienetakoa ere bada. Hala ere, totalitarismoaren aurkako bere bi eleberriongatik ezaguna da, batez ere, biak Bigarren Mundu Gerra ondoren argitaratuak: Abereen etxaldea (Animal Farm, 1945ekoa) eta 1984 (Nineteen Eighty-Four, 1949koa), bigarrena bere biziaren azken urteetan idatzia eta hil baino lehentxeago argitaratua. Hor, “Anaia Nagusia” kontzeptua sortu zuen: gerora, kontzeptua zainketa teknika modernoak kritikatzeko ohiko hizkerara igaro da. Horrez gain, orwelldar adjektiboa erabilia da maiz idazle unibertso distopiko eta totalitarioez hitz egiteko.