Gernikako Arbola | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Gernika-Lumo |
Koordenatuak | 43°18′53″N 2°40′47″W / 43.314722222222°N 2.6797222222222°W |
Gernikako arbola Gernikako (Bizkaia) Batzar Etxearen aurrean dagoen haritza (Quercus robur) da. Zuhaitz horrek bai bizkaitarren, bai euskal herritarren askatasun tradizionala eta Euskal Herriko foruak adierazten ditu. Gernikako haritza (bizkaieraz, aretxa) izena ere hartzen du. Hainbat Gernikako arbola izan dira, bata bestearen ondoren, bakoitza aurreko Gernikako arbolaren hazitik etorria. Oraingo zuhaitza 2005eko otsailaren 25ean landatu zuten. Aurrekoa 1860an sartu zuten zin egiteko tribunaren aurrealdean, eta 2004an hiltzat eman zuten, munduan zehar banatuta dauden ondorengo ugari eman eta gero.
Batzar Etxearen lorategian Haritz Zaharra deitutakoaren enborra dago, tenplu itxurako aterpe biribilean babestua. Ez da lehenengo Gernikako arbola, baina gure garaira iritsi den zaharrena bai.