Gerra

Gerra giza taldeen arteko indarkeriazko borroka zabal eta antolatua da. Etsaia garaitzeko aitzakiarekin, heriotza eta hondamena ekarri du gizakiaren historian zehar. Irudian, Vietnamgo gerrako argazki zenbait.

Gerra, guda, gudua edo gerla ekintzazko gatazka bortitz, zabal eta antolatu bat da, bi talde edo gehiagoren artean asmo jakin batez garatutakoa. Historian, gerrak faktore eragile nabarmena izan dira: nazioak zabaldu ditu, inperioak eraiki, eta zibilizazioak suntsitu.

Giza ikuspuntu batetik heriotza, hondamena eta sufrimendua eragiten dituen gertakaria da gerra, garaileen zein galtzaileen aldetik, eta halatan, gerraren aurkakoa den bakea desiratzen dute gizaki eta gizatalde guztiek. Horrenbestez, bada pazifismoa edo gerraren aurkako jarrera filosofiko eta politiko bat. Gerra kausa anitzek eragiten dute: lurralde bat eta bertako baliabideak eskuratu nahia, burujabetasuna, erlijioa, ideologia baten inposaketa, eta beste gizatalde mendekotasun edo ezabaketa. Norberaren burua defendatuz, eraso egin eta gerra abiarazi duenari aurre egiteko ere egiten da gerra beste batzuetan.

Gerrak komunitate politikoen artean gertatzen dira eta historian zehar nazio eta estatuen artean izan dira gehienetan; zentzu zabalean, gerratzat hartzen dira, orobat, pertsona, familia edo talde informalen artean gertatzen diren indarkeriazko borrokak, baina iritzi orokor eta akademiko batez gatazka horiek gerra kontzeptutik baztertu behar dira. Polemologia da gerra ikertzen duen diziplina.

Gerran aritzen diren aurkariak etsaiak dira eta, historian zehar, askotan (baina ez beti) gerra-deklarazio batez abiarazi dute gerra. Etsai beraren aurka komunitatetan biltzen direnei, aliatu esaten zaie, edo koalizio bat osatzen dute, helburua dutela etsaiari indar handiagoz aurre egitea. Gerrak batailaz, setioz edo etsaiaren ahulduraz garatzen dira, aurkariak bakea adostu edo aurkari batek bestea garaitu arte. Gerran armada osatzen duten gudari edo soldaduek hartzen dute parte, gehienetan gerra egitearen erabakia politikariek hartzen badute ere; hala ere, gerretako ondorioak gehien pairatzen dituztenak gerrarekin zerikusi zuzena ez duten herritarrak izaten dira.

Gizateriaren historian gerrak kalte eta sufrimendu handiak eragin ditu. Bada, horiek ekidin eta bakea eta segurtasuna bermatzeko, nazio gehienek Nazio Batuak erakundea osatu zuten historian hildako gehien eragindako Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Era berean, gerretan giza eskubideak bermatzeko Genevako ituna sinatu zuten, non arma zenbaiten erabilerari buruzko debekua eta biktima, zibil eta presoen babesa ezartzen den. Hala ere, gerretan ohikoa da giza eskubideak urratzea: adibidez, askotan gizonezko gudariek emakume zibilak bortxatzen dituzte.


Developed by StudentB