Gilgamexen epopeia | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | K.a. 2100(e)ko hamarkada |
Honen izena darama | Gilgamex |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | epopeia |
Hizkuntza | Akadera |
Fikzioa | |
ikusi
| |
Argumentu nagusia | pursuit of immortality (en) |
Gilgamexen epopeia Mesopotamiako idazki zaharrena eta ezagutzen den narrazio zaharrena da,[1] buztinezko 12 taulatan idatzia. Bertsio osatuena akadieraz idatzita dago, idazkera kuneiformean. Gilgamex Uruk hiriko erregea zen K.a. 2700 eta K.a. 2500 urteen inguruan, eta haren abenturak kontatzen ditu epopeiak. Literatura sumeriarraren partea da.[2] Epopeian Gilgameshen arerioetako baten aita bezala aipatzen den Kish hiriko Enmebaragesi erregearekin lotutako objektuen aurkikuntzak (K. a. 2600. urte ingurukoak), sinesgarritasuna eman dio Gilgamexen existentzia historikoari.
Poemak batez ere hiru gai nagusi lantzen ditu: gizakiaren heriotzaren zergatia, hilezkortasuna eta jainkoen jokabidea gizakiekiko. Hori dela eta, sekulako arrakasta izan zuen Ekialde Hurbilean K.a. I. mendera arte, azken batean gizakiarendako garrantzi handiko gaiak baitziren. Halaber, hartzaile nagusiak pertsona kultu, jakintsu eta zibilizatuak izan ziren. Izan ere, jorratzen ziren gaiek horrelako jendea eskatzen zuten; horrekin lotuta gogorarazi behar da filosofiaren sorrera Mesopotamian dagoela eta ez Grezian, uste izan den ez bezala.
Obraren bilakaerari dagokionez, K.a. 1600ean goiti-beheiti, biltzaile batek jatorrizko bost idazki nagusiak batu eta traskribatu zituen. Nolanahi ere, K.a. 650. urtean Asurbanipal erregearen aginduz egin zena bertsiorik erabiliena da. Eta harrigarria badirudi ere, mendebaldeko gizartera arras berant iritsi zen: bertsio horia 1845era arte ez zuten aurkitu, K.a. 612an Asurbanipal erregearen hiria suntsitu baitzuten eta mendeetan zehar egon baitzen isil-gordean; baina itzulpen-lanak 1872an hasi zituen George Smith britaniarrak.
Poemaren muina Gilgamexen laguna hil ondoren bere doluan dago. Kritikarien ustez, jainkoen hilezkortasunaren aurrean giza hilkortasuna azpimarratzen duen lehen literatur lana da. Olerki honek Uholde Handiaren kontakizunaren bertsio bat dakar, Bibliarena baino zaharragoa.[3]