Estatistikan, Giniren koefizientea errentaren desberdintasunaren neurketarako eta beste aldagaien kontzentrazioa neurtzen duen koefiziente bat da. Sakabanatze neurri moduan asmatu bazen ere, kontzentrazioa aztertzeko erabiltzen den Lorenzen kurbarekin loturik dagoen formulazioa ezagunena da. Giniren koefizienteak 0tik 1era bitarteko balioak hartzen ditu: 0 erabateko berdintasuna da (denek diru-sarrera berak dituzte) eta 1, erabateko kontzentrazioa (batek diru-sarrera guztiak ditu; besteek, bat ere ez); horrela, zenbat eta handiagoa izan, banaketan hainbat eta kontzentrazio edo desberdintasun handiagoa dagoela ondorioztatzen da.
Errenta-banaketaz gainera, beste hainbat aldagai sozioekonomikoen kontzentraziorako erabiltzen da, hala nola, osasunarekin eta hezkuntzarekin loturik. Bestelako aldagaietarako ere erabiltzen da, Wikipedian egiten diren ekarpenen kontzentrazioa, lankideen artean, kasu. Kontzentrazioaz gainera, beste ezaugarri batzuk neurtzeko ere erabili izan da. Koefizientea Corrado Gini italiar estatistikariak asmatu zuen 1912an eta, egun, desberdintasun ekonomikoa aztertzeko, praktikan gehien erabilitako koefizientea da.[1]