Gloria Swanson (Chicago, 1899ko martxoaren 27a - New York, 1983ko apirilaren 4a) estatubatuar zinemako aktore eta ekoizle bat izan zen, Urrezko Globo bat irabazi zuen eta hiru aldiz Oscar sarirako hautagai izan zen.
1920ko hamarkadan, zinema mutuko izar nagusietako bat izan zen, Rodolfo Valentinorekin, Cecil B. DeMille, Erich Von Stroheim eta beste batzuekin lan egindakoa. Garai hartako aktorerik ospetsu eta polemikoenetako bat izan zen: luxu itxuragabez inguratutako bizimodua eramateaz gain, maitasun bizitza aldakor eta gorabeheratsu bat izan zuen. Sei bider ezkondu zen eta zenbait maitasun istorio izan zituen bizitzan zehar, prentsak asko aipatuak. Urte gutxiren buruan hogei bat film egin zituen eta 1929an Oscar sarien lehen ediziorako izendatu zuten Sadie Thompson filman egindako lanagatik. Paramount konpainiarekin izandako goraldian, milioi bat dolarreko soldata irabazi zuen urtean, garai hartarako sekulako dirutza.[1] Alabaina, soinudun zinema iritsi zenean, ospea berehala galdu zuen, uneko ia izar guztiei gertatu zitzaien bezala.[2] Zinematik 35 urte zituela erretiratu zen, nahiz eta irratian eta telebistan lan egiten jarraitu zuen Helduaroan, Billy Wilder zuzendariaren Sunset Boulevard (1950) filmarekin berriro agertu zen pantaila handian, arrakasta handiz.