Gobernu motak |
---|
|
Politika saila |
Gobernua (grezieraz κυβερνάω ontzia gidatu), gobernamendua[1] edo Jaurlaritza (Euskal Autonomia Erkidegokoa)[2] da botere publiko bat zuzendu, kontrolatu eta administratzen duen sistema eta sistema hori ordezkatzen duten agintarien multzoa. Gobernuak edozein lurralde mailatan egon daitezke, nahiz eta, oro har, Estatuaz eta tokiko gobernuez aritzean erabiltzen den gehien. Estatuen kasuan, lehendakari edo lehen ministro bat —gobernuburua— izaten da gobernu horren buru, eta hainbat ministroz osatuta dago. Konstituzioak botere betearazlea ematen die gobernuko kide horiei, eta botere politikoa ematen die gizartearen gain.
Bi gobernu mota nagusi dira gaur egun: autokrazia eta konstituzionalismoa. Erregimen autokratikoetan, gobernua agintari edo agintari talde (alderdi politiko bakar) baten esku dago, eta hark bere esku du estatuko aginpide osoa. Agintari goren horrek talde nagusiaren aurrean baino ez du erantzukizunik, zenbaitetan aukeratu duen biltzarraren aurrean erantzukizun formala izaten baldin badu ere. Aldiz, demokrazia konstituzionaletan, herriak hautatzen ditu bere ordezkariak, eta hauek biltzar legegileak edo parlamentuak eratzen dituzte; azkenik, parlamentuak gobernuburua aukeratzen du, eta horrek, bere gobernua (ministro taldea), aginpide betearazlea duena.
Sistema batzuetan, estatu konstituzionaleko buruak (erregeak edo errepublikako lehendakariak) badu gobernuburua hautatzeko ahalmena, baina hautapena forma hutsa izaten da, biltzar legegilearen aukera baieztatu baino ez baitu egiten. Batzuetan, alderdi baten burua automatikoki bihurtzen da gobernuburu, baldin eta, hauteskundeetan, alderdi horrek eskuratu badu parlamentuaren gehiengoa. Ministroak eta gobernuburua beren ekintzen erantzule dira parlamentuaren aurrean.