Hegazti

Hegazti
Aptiar-Gaur[1]

Sailkapen zientifikoa
SuperklaseaTetrapoda
Klasea Aves
Azpiklaseak
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakarrautza, luma, haragi eta zirin

Hegaztiak edo txoriak (izen zientifikoa: Aves) animalia ornodun endotermiko talde bat dira. Lumak dituzte, hortzik gabeko baraila mokodunak, arrautza gogorrak erruten dituzte, tasa metaboliko altua dute, lau-ganbaradun bihotza eta hezurdura sendo baina arina. Mundu osoan zehar bizi dira. Txikienak 5 zentimetroko Mellisuga helenae kolibria da eta handiena 2,75 metroko ostruka. Tetrapodorik arrakastatsuenak dira, 10.000 espezie bizidun baino gehiagorekin. Espezie horien erdiak Passeriformes ordenakoak dira, txori kantariak. Hegazti guztiek hegalak dituzte, baina espezieen arabera garatuago edo atrofiatuago daude: hegalik gabeko bi hegazti ezagun bakarrak desagertutako moa eta elefante txoria ziren. Hegalek aurreko gorputz-adarretik eboluzionatu dute, hegaztiei hegan egiteko aukera emanez; ondoren, eboluzio gehiagoren ondorioz, hegazti batzuek gaitasun hori galdu zuten, adibidez pinguinoek edo Palaeognathae azpiklaseko hegaztiak. Hegaztien digestio-aparatua eta arnas aparatua aireko bizitzarako moldatuta daude. Batzuk ingurune urtarrean bizi dira, eta igeri egiteko gaitasuna dute.

Zenbait hegazti, bereziki korbidoak eta loroak, animalia adimentsuak dira; espezie askok tresnak sortu eta erabiltzen dituzte, eta hegazti sozial batzuek ezagutza belaunaldietan zehar pasatzen dute, kultura motatzat hartzen dena. Espezie askok urteroko migrazioak egiten dituzte, distantzia handiak zeharkatuz. Hegaztiak animalia sozialak dira, dei, kolore eta abestiekin komunikatzen dira, eta talde-gertakarietan hartzen dute parte, adibidez hazkuntza kooperatiboa, ehiza, andanak sortu edo harrapariak zirikatu. Gehienak sozialki monogamoak dira (ez nahastu monogamia genetikoarekin), normalki kumaldi baterako, batzuetan urte batzuetarako eta oso gutxitan bizitza osorako; gutxi batzuk poliginikoak dira (ar bat hainbat emerekin) eta oso gutxi, poliandrikoak (eme bat ar batzuekin). Kumaldiak egiten dituzte arrautzak errunez, ugalketa sexual bidez ongarritzen direnak. Askok habiak sortzen dituzte arrautzak erruteko, eta bi gurasoetako batek edo biek zaintzen dituzte. Gehienek gurasoen arreta izaten dute arrautzatik atera eta gero. Batzuek, oiloak kasu, arrautzak erruten dituzte ongarritu gabe ere, baina arrautza horiek ez dute txitarik sortzen.

Espezie asko ekonomikoki garrantzitsuak dira gizakientzat. Etxe abereak edo ez, arrautza, haragi eta luma iturri dira. Txori abeslariak eta loroak, baina ez bakarrik, konpainia-animalia izan daitezke. Guanoa (txorien kaka) ongarri gisa erabiltzeko biltzen da. Hegaztiek paper garrantzitsua izan dute giza kulturan. Gizakien jarduerak 120-130 espezie inguru desagerrarazi ditu XVII. mendetik hona, eta beste ehunka batzuk aurretik; horrez gain, 1.200 hegazti espezie inguru arriskuan jarri ditu, horietako batzuk babesteko proiektuak dauden arren. Hegaztiak ikustea turismo mota bat da. Hegaztiak aztertzen dituen zientziari ornitologia deritzo.

Txoriak.eus datu basea Euskal Herriko hegaztiei buruzko gunea da. Txoritokiak, albisteak, hemeroteka, bideoak, audioak eta bereziki izenak erakusten ditu (latinez, frantsesez, gaztelanaz eta euskarazkoak ere hainbat eta hainbat herritako izenekin). Txorien izenak bildu eta sailkatzen dituen disziplinari ornitonimia deritzo.

  1. (Ingelesez) Dyke, Gareth J.; Naish, Darren; Cau, Andrea; Lee, Michael S. Y.. (2014-05-01). «Morphological Clocks in Paleontology, and a Mid-Cretaceous Origin of Crown Aves» Systematic Biology 63 (3): 442–449.  doi:10.1093/sysbio/syt110. ISSN 1063-5157. (Noiz kontsultatua: 2018-12-31).
  2. «Class Aves - Hierarchy - The Taxonomicon» taxonomicon.taxonomy.nl (Noiz kontsultatua: 2018-12-31).

Developed by StudentB