Henrike Borboikoa (Paue, 1553ko abenduaren 13 – Paris, 1610ko maiatzaren 14a), ezizenez Henrike Handia (frantsesez: Henri le Grand), Nafarroako erregea izan zen 1572-1610 bitartean, Henrike III.a izenarekin, eta Frantziako erregea 1589-1610 bitartean, Henrike IV.a izenarekin. Borboi etxeko lehenbiziko Frantziako erregea izan zen. Egungo Frantzian itzal handiko pertsonaia historikoa da, Errege Ona deitua (le bon roi).
Joana III.a amak argitutako bidetik, kristautasun erreformistari lotu zitzaion, Erromako katolizismoaren kontrako gatazka garaian. Aldiz, 1572ko San Bartolome gaueko sarraskiaren eta ondoko gerren ondoren, katoliko bihurtu zen Frantziako Erresumako errege izan ahal izateko. Gerora, Nantesko Ediktua eman zuen, edozein erlijio kristaurako askatasuna bermatzen zuena.
Estatuaren zentralizazioan aurrera egin arren, eutsi egin zion Nafarroa-Biarnoren eta Frantziaren arteko bereizketari, eta haren agintaldian ez zen moteldu Nafarroaren gainean Gaztelako Koroarekin zegoen gatazka. Pierre de Lancre jujea bidali zuen Lapurdiko sorgin ehizara. Urtebete geroago, Espainiar Inperioaren aurkako kanpaina militar bat prestatzen ari zela, François Ravaillacek erail zuen Parisen.