Hipotesia fenomeno bati buruz proposatzen den azalpena da. Grezierako bi hitzetatik dator: hypo, menpekotasuna adierazten duena, azpitik egotea; eta thesys arrazonamendu bidez lortzen den ondorioa; beraz, “oinarrian jartzen dena” da hipotesia. Metodo zientifikoaren baitan, hipotesia frogen (esperientzia) bidez egiaztagarria izan behar da[1] eta ondorioz, baieztatu tesi edo teoria zientifiko bihurtuz, edo ezeztatu. Hipotesi batzuetatik beste batzuk ondorioztatzen dira oinarrizko adierazpenera iritsi arte, zuzenean behagarriak. Hipotesia, esan bezala, behin-behineko proposamen gisa har daiteke, baina baita metodo zientifikoaren bidez kontrastatu beharreko aurreikuspen gisa.
Zientzialariek oro har, hipotesiak eskuragarri dauden teoria zientifikoek asetzen ez dituzten aurretiazko behaketetan oinarritzen dituzte[2], informazio eta datu bilketa dutelarik oinarrian. Beraz, askotan sinonimo gisa erabiliak izan diren arren, hipotesi eta teoria terminoak bereizi behar dira; lehenengoa ikertu beharreko behin-behineko baieztapen bat baita, eta bigarrena frogatua izan den adierazpena.
Logika formalak hipotesi hitzaren esanahi ezberdina darabil, proposizio baten aurrekariei erreferentzia eginez. Hortaz, “P bada, orduan Q” adierazpenean P hipotesiari dagokio, Q ondorioarekin pareka daitekeelarik. Hor P-k suposizioaren funtzioa jokatzen du. Bestalde, hipotetiko adjektiboak “hipotesi baten izaera izatea” esan nahi du, edo “hipotesi baten berehalako ondorioa”, hipotesi hitzaren edozein adiera adieraz dezake.