Historiaurrea

Stonehenge.

Historiaurrea gizakia sortu zenetik idazketaz jasotako lehen agiriak jaso arteko historiaren aroa da, K.a. 4000. urtera arte gutxi gorabehera. Azpiaro hauek bereizi ohi dira, ordena kronologikoan: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa eta Metal Aroa (Kalkolitoa, Brontze Aroa, Burdin Aroa).

Hala eta guztiz ere, historiaurreko mugak lausoak dira, idazketaren sorrera ez baitzen homogeneoa izan. Adibidez, Egipton, K.a. 3500 aldera hasi zen idazten, baina, Ginea Berrian, K.o. 1900 inguruan. Adiera informal batean, historiaurreak Lurrean bizitza sortu zeneraino eramaten da batzuetan, eta, horrela, historiaurreko animaliak esamoldea erabiltzen da gizakia baino askoz ere lehenago bizi eta iraungi ziren animaliak izendatzeko (dinosauroak, esaterako). Baina zentzu hertsian, historiaurrea gizakia agertu zen garaietan hasi zen.

Definizioz, historiaurrean idazkirik ez dagoenez, garai horren inguruan ezagutzen dugun informazioa paleontologiak, biologiak, palinologiak, geologiak, arkeoastronomiak, antropologiak edo arkeologiak, besteak beste, ekartzen digutena da. Hala ere, XX. mendeak aurrera egin ahala, beste aroetako historialariek idatziak ez diren beste informazio-iturri batzuk ere erabiltzen dituzte.

Historiaurrea jorratzen duten ikerlariek (gaur egun historiaurreko arkeologoek eta antropologoek) kultura arkeologikoak eta ez gizabanakoak edo nazioak dituzte hizpide. Guregana iritsi diren zantzu bakarrak tresnak izanda, Historiaurrea anonimoa da. Indusketak, lurzoruaren neurketak eta zientzia-analisiak dira euren bitartekoak idazkirik gabeko herrien natura eta jokabidea ikertu ahal izateko.


Developed by StudentB