Hizkuntza estandarra komunitate batean aski zabaldua eta era formalean nagusia den hizkuntzaren aldaera edo hizkera da, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan gehien erabiltzen dena. Normalean, hizkuntza estandarrak ortografia eta gramatika arau finkatuak ditu, nolabaiteko autoritate batek proposatuak eta hiztun gehienek egoera formaletan bederen jarraitu ohi dituztenak.
Hizkuntza estandarra tokiko hizkerari kontrajartzen zaion arren, aipatu beharrekoa da askotan hizkuntza estandarrek tokiko hizkeretan dutela jatorria, hau da, estandarizazio prozesu bat burutu duten tokiko hizkuntzak direla, askotan merkatal eta administrazio zentruetan mintzatuak zirenak. Hala ere, tokiko hizkerak ez bezala, hizkuntza estandarra soziolekto bat da. Bestela esanda, gune geografiko bati lotu ordez, egoera sozial bati lotzen zaio.
Zenbait hizkuntzak forma estandarizatu bakarra du, japonierak adibidez. Beste zenbaitek, ordea, forma estandar bat baino gehiago dituzte, gune eta administrazio ezberdinetan garatuak izan direnak. Ingelesaren kasua da.
Euskarari dagokionean, hizkuntza estandarra euskara batua da.