Eguraldia |
---|
Hodeia ur eta izotz partikulen metaketa ikusgaia da, eguratsean dilindan dagoena[1]. Hodeiak atmosferako behe geruzako, troposferako, edozein lekutan ager daitezke, eta duten konposaketaren eta agertzen diren altueraren arabera sailkatzen dira. Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) hainbat azpitaldetan banatzen diren 10 hodei mota sailkatu ditu.
Hodeiak airearen baitan geratzen dira eta kolore aldakorrekoak izaten dira, eguzkiaren argia jasotzen duten moduaren arabera. Hodeiak aire masa hoztuak dira. Ur lurrunez osaturiko airea beherantz joaten denean, edo lurrarekin edo beste aire geruza hotzago batekin topo egiten duenean airea hozterakoan sortzen dira. Presio aldaketek eta irradek ere sor ditzakete; lurrunduriko euri tantak atmosferan izaten diren hauts, itsas gatz, ke edo bestelako hondarrei eransten zaizkie. Ur tanta hauek duten pisuagatik erori egiten dira (tanta txikiak erortzean berriro lurruntzen badira ere, behar adina handitzen badira, lurrera iristen dira eta era horretan euria sortzen da).
Hodeiak aztertzen dituen zientzia Nefologia da (grezieratik νέφος, nephos, 'hodeia'); bertan, hodeiak eta euren eraketa, osaketa, dentsitatea, tenperatura, forma, eboluzioa, mugimendua, taldekatzea eta sailkapena ikertzen dira. Meteorologiaren adar bat da.