Hogeita Hamar Urteko Gerra 1618-48 bitartean Europako nazio gehienek zio erlijiosoak, leinukoak, lurraldekoak eta komertzialak zirela medio egindako guda izan zen. Bataila eta kanpainia suntsigarriek Europako eremu andana birrindu zuten, eta, 1648ko Westfaliako Itunarekin bukatu zenean, Europako mapa guztiz eta atzera bueltarik gabe aldatuta zegoen. Izatez, gerra hau Europak aro modernoan izan duen gatazka luze eta suntsigarrienetakotzat hartzen da.
Gerra sortu zuten gatazkak aurrekoak baziren ere, eskuarki gerraren hasierako data 1618koa da. Izan ere, Inperio Santuko burua izatekoa zen Ferdinand II.a, orduan Bohemiako erregea zelarik, bere menpeko lurraldeetan Erromako Katolizismo gisako absolutismoa ezartzen saiatu zenean, Bohemiako zein Austriako noblezia protestantea matxinatu zen. Matxinadaren aurkako errepresioak eta Habsburgotarrek euren boterea handiagotzeko zuten nahia izan ziren gerraren sua piztu zuten txinparta.
Horren atzetik, gatazka zenbait herrialderen handinahiek elikatu zuten. Alemania, Europako bihotza, armada guztien helmuga bilakatu zen. Hor, hiru erlijiok (katolizismoak, luteranismoak eta kalbinismoak) nagusitasuna bilatzen zuten. Horren ondorioz, kanpoko botereei laguntza eskatu zuten printze eta apezpikuen aliantzen nahasmena sortu zen. Orokorrean, Espainiar eta Inperio Santuko Habsburgo leinuko katolikoak Erromako Eliza Katolikoaren babesaz, alde batetik, eta Suedia eta Herbehereetako Batasuna buru zituen alemaniar protestanteak ziren hiri eta printzerriren sarea eta Frantzia, bestetik, borrokan jardun ziren. Frantziaren kasua bitxia zen, nazio katolikoa izanda ere, protestanteen alde egin zuelako; hala ere, hau erraz uler daiteke kontuan hartuta gerra honetan Frantziaren helburua Habsburgotarrek Europan zuten botere txikitzea izan zela.
Izan ere, hasieran erlijio gerra bezala hasi bazen ere, gero Inperio Santuaren barneko botere orekak aldatzea ere gerraren helburu izan zen. Tokian tokiko gerra izatetik, Europa mailako gerra bihurtu zen azkar batean, azkenera Borboi eta Habsburgotarren arteko lehia bilakatuz, Europako botere hegemoniko nor izango zen erabakitze aldera.
Esan daiteke gerra honetan Europako nazio guztiek amaitu zutela parte hartzen bai Habsburgotarren alde, edota haien aurka. Ingalaterrak eta Errusiak ez zuten espreski gerran parte hartu, baina hala ere, Habsburgotarren aurkakoak lagundu zituzten ekonomikoki. Borrokak Inperio Santuaren lurraldeetan izan ziren gehienbat, Flandriako zelaietan, Italiako iparraldean eta Iberiar Penintsulan ere borrokak egon baziren ere. Borrokek, izurriteek, goseak eta sarraskiek oro har, milioika hildako eragin zituzten eta Estatu Alemaniarretako eta Espainiako demografia eta ekonomiaren beherakada eragin zuten, Frantziaren hegemonia hasteaz gain.
Hogeita Hamar urteko Gerraren ondorio nagusi bat eskualde osoen suntsipena izan zen, harpilaketaz bizi ziren armadek (bellum se ipsum alet) eragina. Goseak eta gaixotasunek Alemaniar Estatuetako, Bohemiako, Herbehereetako eta Italiako populazioa nabarmen jaitsiarazi zuten, eta borrokatu ziren nazio gehienek porrot egin zuten ekonomikoki. Armada bakoitzeko erregimentuak mertzenariak ez baziren ere, soldadu asko baziren mertzenariak, eta horrek diru kostu handia ekarri zien estatuei. Horrez gain, armaden garai hartako finantzaketa sistemak ( ibiltzen ziren lurretik harpilaketa egin edota bertokoei tributua eskatzen zieten) disziplina arazoak ekarri zituen soldaduen artean, eta honek gerra gertatu zen lurraldeen kalterako izan zen.
Gerraren ondoren Inperio Santuko populazioa %30 gutxitua zegoen, Brandenburgon %50 eko jaitsiera, eta beste eskualde batzuetan %70eko jaitsiera egon zelarik. Alemaniako gizonezkoen erdia zendu zen eta Bohemian txekiarren kopurua %40 batean jaitsi zen gerra eta protestanteen deportazioaren ondorioz. Suediar armadak bakarrik 2.000 gaztelu eta 1.500 herri suntsitu zituen.
Gerra osatu zuten borroka sorta 4 etapa desberdinetan bana daiteke:
Gerra Osnabrück eta Münstereko itunekin amaitu zen, Westfaliako itunaren parte izan zirenak. Hala ere, gerra eragin zuten hainbat arrazoi konpondu gabe geratu ziren.
Gerra eremu erlijiosotik begira, katoliko eta protestanteen artekoa izan zen, baina esparru politikoari begira esan daiteke feudalismoaren eta absolutismoaren aldekoen arteko gatazka izan zela. Westfaliako Itunaren ondorioz, eredu absolutistak irabazi zuen. Horrela, Bodin eta Hobbes-ek teorizatutako absolutismoa bihurtu zen garaile, estatu modernoa sortuz horrela, haren mugen barruan indarkeria legitimoaren monopolioa duena, eta mugetatik kanpo armada nazional baten bidez defendatzen dena.
Beraz, Westfaliako Itunak jus publicum europaeum-aren oinarriak jarri zituen : Nazioarteko hartu-emanetarako sistema berri eta egonkorra, estatuen arteko orekan oinarritua. Estatu bakoitzak bere subiranotasuna mantentzen du, eta gerrak estatu subiranoen artean baino ez dira ematen.