Homosexualitatea (antzinako grezieraz: ὁμός, ‘berdin’, eta latinez: sexus, ‘sexu’) sexu edo genero berdineko kideen arteko erakarpen erromantiko, sexual edo sexu jarrera da[1][2]. Joera sexual bezala, homosexualitatea sexu berdineko pertsonekiko "erakarpen erromantiko, sexual edo emoziozko erakarpen patroi iraunkor bat" da[3].
Bisexualitatearekin eta heterosexualitatearekin batera, homosexualitatea sexu-orientazioaren hiru kategoria nagusietako bat da heterosexual-homosexual jarraikortasunaren baitan[3]. Zientzialariek oraindik ez dute ezagutzen orientazio sexualaren kausa zehatza, baina eragin genetiko, hormonal eta ingurukoen elkarrekintza konplexu batek eragiten duela teorizatzen dute, eta ez dute haututzat hartzen[4][5][6][7]. Orientazio sexualaren kausari buruzko teoria bakar batek ere ez du oraindik babes orokorrik lortu, baina zientzialariek oinarri biologikoa duten teorien alde egiten dute[8][9][10]. Askoz froga gehiago daude sexu-orientazioaren kausa biologiko ez-sozialak babesten dituztenak sozialak baino, batez ere gizonen kasuan[11]. Ez dago funtsezko frogarik hazkuntzak edo lehen haurtzaroko esperientziek orientazio sexualean paper bat betetzen dutela iradokitzen duenik. Pertsona batzuek uste dute jarduera homosexuala antinaturala dela[12], baina ikerketa zientifikoak erakusten du homosexualitatea giza sexualitatearen aldaketa normala eta naturala dela, eta berez ez dela ondorio psikologiko negatiboen iturri[13]. Ez dago froga nahikorik orientazio sexuala aldatzeko esku-hartze psikologikoen erabilera babesten duenik[14][15].
Homosexualei buruz hitz egiteko erabiltzen diren adjektiborik ohikoenak lesbiana dira, emakumezkoen kasuan, eta gay gizonezkoen kasuan, baina maiz gay hitza erabiltzen dira bi sexu-generoei buruz hitz egiteko. Gay edo lesbianak diren pertsonen ehunekoa eta sexu bereko pertsonekin harreman erromantikoak dituzten edo sexu bereko pertsonekin sexu-esperientziak izan dituzten pertsonen proportzioa zein den jakitea zaila da ikerlarientzat, hainbat arrazoirengatik; besteak beste, gay eta lesbiana asko ez direla horrela identifikatzen, homofobia eta heterosexismoa bezalako aurreiritzien edo diskriminazioaren ondorioz[16]. Portaera homosexuala gizakiak ez diren animalia-espezie askotan ere dokumentatu da[17][18][19][20][21], baina orientazio homosexuala ez da modu esanguratsuan ikusten beste animalia batzuetan[16].
Gay eta lesbiana askok harreman egonkorrak dituzte sexu bereko pertsonekin. Harreman horiek harreman heterosexualen baliokideak dira funtsezko alderdi psikologikoetan. Harreman eta ekintza homosexualak miretsi eta kondenatu izan dira historian zehar, hartzen duten moduaren eta gertatzen diren kulturaren arabera. XX. mendearen amaieratik, homosexualen askatasunaren eta berdintasunaren aldeko mugimendu globala egin da, eta, horren barruan, jazarpenaren aurkako legeak sartu dira haur homosexualak eskolan babesteko, diskriminaziorik eza bermatzen duten legeak, armadan zerbitzatzeko gaitasun-berdintasuna, osasun-arreta jasotzeko aukera-berdintasuna, adoptatzeko eta guraso izateko gaitasun-berdintasuna, eta ezkontza-berdintasuna ezarri dira.