Hondakin-uren tratamendua prozesu fisiko-kimiko eta biologikoen bidez ur horiek dituzten kutsazaile organiko zein inorganiko gehienen ezabapenean datza. Araztegietan burutzen den tratamendu honek ibai eta erreketara ur garbia isurtzea ahalbidetzen du, hondakin-ur zikinak efluente garbi bat bihurtzen baititu.
Hondakin-uren tratamendua bereizi egin behar da edateko uraren arazketatik. Lehenengo prozesuak ur zikinak garbitzen ditu, eta bigarrenak ur garbiak edateko moduko ur bihurtzen ditu.
Hondakin-urak etxeetako eta industrietako hondakin likidoak dira, estolderietan bideratzen direnak. Baita euritako urak ere. Hiri-hondakinak dira, hiru ezaugarri dutenak: hondakin fekalak dituzte, oxigeno gutxi, eta materia organiko ugari (OEB: >200).
Sortzen diren leku berean (etxeetan, baserrietan, lantegietan...) tratatzen dita batzuetan hondakin-urak, hobi septikoetan edo antzeko egituretan. Industrietako hondakin-urek, bestalde, gai toxiko asko dituzte maiz, araztegira bidali aurretik lantegian bertan tratatu behar direnak.
Hondakin-uren arazketak ekosistemaren babesa ez ezik (ibaiak, errekak eta itsasoak ez zikintzea, alegia), biztanleriaren baldintza higienikoak areagotzea eta izurriteak ekiditea ere bilatzen du: tratatu gabeko hondakin-urak bat etorriko balira nekazal-jarduerarekin ondorio tamalgarriak sor litezke. Horregatik, efluente argiak lortzea funtsezko zeregina da, ikuspuntu ekologiko zein osasun-irizpide batetik.
Araztegietan burutzen den hondakin-uren tratamenduak efluente garbia sortuko du, alde batetik (erreka, ibai edo isasora isuriko dena), eta sedimentu solido bat, lohi izenekoa, hondakin-uraren zikinkeri gehiena duena, bioerreaktoreetan prozesu anaerobio baten bidez tratatuko dena.
Herri edo hiri bateko araztegi batek etapa desberdinetan tratatzen ditu jasotako hondakin-urak. Ohiko tratamenduak honako fase hauek ditu: