Iberiar Penintsulako Gerra | |||
---|---|---|---|
Napoleondar Gerrak | |||
Data | 1808 - 1814 | ||
Lekua | Iberiar penintsula, hegoaldeko Frantzia | ||
Emaitza | Valençayko Ituna: Fernando VII.aren ezarpena; Fontainebleauko Ituna: Napoleonen abdikazioa eta Frantziar Inperioaren deuseztatzea | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
Iberiar penintsulako Gerra, Espainiako Independentzia Gerra, edo Frantsestea[1] eta Frantzestada [2] —euskal usadioan— Iberiar penintsulan jazotako gatazka armatua izan zen, Napoleondar Gerretan kokatzen dena. Espainiak, Portugalek eta Erresuma Batuak, alde batetik, eta Frantziako Lehen Inperioak, bestetik, borrokatu zuten. Frantziar eta espainiar armada aliatuek Portugal inbaditu zuten 1807an, baina urtebete geroago, 1808an, frantses armadak ez zituen utzi Espainian hartutako posizioak, eta horrek gerra piztu zuen; Seigarren Koalizioak 1814an Napoleon garaitu zuenean amaitu zen.
Britainiar eta Portugaldar armadek Portugal defendatuta, Espainian tropa erregularrek zein irregularrek (elkarren arteko loturarik gabeko gerrillarien taldeek) frantziarrei aurre egiten zieten. Napoleonen armadak, hornidurak galtzeko beldur, ez ziren espainiarrak gainditzeko eta lurraldea baketzeko gai. Gerraren azken urteetan, Errusiaren inbasioa zela medio Frantzia larri ahulduta zegoela, Wellingtongo dukea buru zuten armada aliatuek frantziarrak Pirinioez bestaldera egotzi zituzten.
Gerrako zamak Portugalgo eta Espainiako egitura soziala eta ekonomikoa suntsitu zituen, eta istiluz beteriko epeari hasiera eman zion. Euskal Herrian, hala Pirinioez iparraldera nola hegoaldera, ondorio larriak izan zituen bertako gizartean, askotariko armaden presentzia eta ekintzagatik. Iberiar penintsulan, frantziarren aurkako gerran borrokatutako ofizialek 1850 arte burutu zituzten hainbat gerra zibil (tartean Lehen Gerra Karlista), liberal eta absolutisten artean. Penintsulako Gerrak Ameriketako kolonien gainean ere eragina izan zuen, eta haien independentzia prozesua piztu zuen txinparta izan zen.