Ignacio Zuloaga | |
---|---|
(1909) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Eibar, 1870eko uztailaren 26a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1945eko urriaren 31 (75 urte) |
Hobiratze lekua | Polloeko hilerria |
Familia | |
Aita | Plazido Zuloaga |
Hezkuntza | |
Heziketa | Académie de La Palette (en) |
Hizkuntzak | euskara Kaloa gaztelania frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, arte bildumagilea eta artista bisuala |
Lantokia(k) | Segovia |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Kurding Club Euskal Artisten Elkartea Accademia delle Arti del Disegno (en) |
Genero artistikoa | erretratua |
Ignacio Zuloaga Zabaleta[1] (Eibar, Gipuzkoa, 1870eko uztailaren 26a[2] – Madril, Espainia, 1945eko urriaren 31) XIX. mendearen azkenaldiko eta XX. mendearen hasieraldeko Euskal Herriko margolari garrantzitsuena izan zen.[3] Eibarren jaioa, hamazazpi urte zituenetik gehienbat Madrilen, Parisen, Sevillan, Segovian eta Zumaian bizi izan zen, eta Madrilen hil zen. Lehenengo urteetan jaioterriko eszenak margotu bazituen ere (Eibarko iturria eta Arrateko itsua, besteak beste), Zuloaga ospetsua da Espainiako kostunbrismoa islatu zuelako, besteak beste zezenketak (Riomorosko alkatea; Zezenketaren bezpera; Herriko zezenketariak; Gregorio el Botero nanoa; Gregorio, Sepúlvedan).
Erroman, Madrilen eta Parisen egin zituen pinturako ikasketak. 1889 eta 1890. urteetan Madrilgo Nazioarteko Arte Ederretako erakusketetan hartu zuen parte eta Parisen jarri zen bizitzen ondoren. 1892. urtean Euskal Herrira itzuli zen, eta Bermeoko kasinoa dekoratu zuen. Aldi batez Italian bizi eta gero, Andaluzian bizi izan zen eta gaia zezenketa zuten koadroak pintatzeari ekin zion, lurralde hartan bizi izan zen hiru urteetan toreatzaile ere izan baitzen. 1903. urtean Veneziako, Berlingo, Dresdengo, Bartzelonako, Vienako, Buenos Airesko eta Santiago de Txileko nazioarteko erakusketetan parte hartu zuen, eta 1909. urtean bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen, New Yorken. Harrezkero erakusketa guztiz arrakastatsuak egin zituen Erroman, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Bere garaiko erretratugile eta paisaiagile garrantzitsuenetakoa izan zen, eta espainiar pintore klasikoen (Velázquez, Goya, Greco) jarraitzaile zuzena izan zen. Zumaian bizi izan zen eta Gipuzkoako herri horretan museo bat eratu zuen bere koadroekin eta beste pintore askoren obrekin. Frantziako gobernua eta New Yorkeko Hispanic Society eta Museo Metropolitanoa Zuloagaren hainbat koadroren jabe egin ziren, artean pintorea bizi zela. Gaur egun San Telmo museoan daude ikusgai haren koadro gehienak. Obra nagusiak: Forjaria, Erretratuak, Akueduktuaren plaza, Zigorkatzailak, Jaiaren biktima, Kristo Odoletakoaren kofradia, San Millango sorginak eta Gregorio el Bolero nanoa.