Ikusmen

Hontzek gauez harrapatzeko egokitutako ikusmena dute.
Giza begia.

Ikusmena gizakiek dituzten bost zentzumenetako bat da, begietan datzana eta irudiak sumarazten dituena. Argiari esker ikusten dugu: objektuetan islatzen da eta horregatik, argia dagoenean, gauzak ikus ditzakegu.

Ikusmenak sailkapen zoologikoaren maila bakoitzean bere ezaugarriak ditu. Eboluzio-maila oso apaleko animaliek ikusmen lausoa izaten dute, fotohartzaile mugaturik gabea. Animalia-espeziea garatu ahala, ikusmena ere garatzen da. Hala, ugaztun gehienek argitasun- eta iluntasun-mailak sumatzen dituzte bakarrik eta ez koloreak; primateek eta gizonek dute ikusmen garatuena, ikusmen binokularra eta kolorezkoa baitute.

Ikusmenaren berezitasunak erretinak argiarekiko duen sentikortasunaren eta erretinan irudiak fokatzeko duen gaitasunaren ondorio dira; gauzetan islatzen diren argi-izpiak kornea pasa eta begi-ninian zehar kristalinora iristen dira; kristalinoak erretinan fokatzen ditu eta bertatik ikusmen-nerbioak seinaleak garunera igortzen ditu: bertan irudi bihurtuko direa. Kristalinoaren forma gihar ziliarren bidez aldatzen da; hala, gauzak hainbat distantziatara foka daitezke.

Irudia erretinaren puntu egoki batean eratzen bada, begia emetropea dela esaten da, behar bezalakoa; irudia erretinaren aurrean eratzen denean, ordea, begia miopea da; eta erretinaren atzeko aldean sortzen denean, berriz, hipermetropea. Astigmatismoa kornearen kurbaduran izaten den berezko akatsa da: ikusmen-akats horiek betaurreko, lente eta ebakuntzen bidez zuzen daitezke. Gaixotasun horietaz oftalmologoak arduratzen dira. Bestela, ikusmenik eza itsumena da.


Developed by StudentB