Indar zentripetu

Fisikan, indar zentripetua deritzo higidura kurbatuaren kasuan ibilbidearen kurbadura-zentrorako noranzkoa duen indarraren osagaiari; beste hitz batzuekin esanda, indar zentripetua ibilbide kurbatuaren barruranzko osagai normala da. Indar izenari gehitutako “zentripetu” adjektiboa latinezko “centrum” (zentroa) eta “petere” (-rantz zuzendua) hitzetatik dator, honako kontzeptu hau adierazteko: «zentrorantz hurbilarazteko joera duena», eta egoki lotzen zaio indar zentripetuaren izaerari.

1. Plano horizontalean hari tentsoaren muturrean higidura zirkularrean ari den bolaren abiadura eta indar zentripetua. 1.Haria ebakitzean, indar zentripeturik ez dago eta bolak zuzen jarraitzen du “tangente”aren norabidean, abiadura konstantez.

Newtonen bigarren legean oinarrituz ondoriozta daitekeenez, kurbadura-zentroranzko indar zentripetua egitean noranzko horretako azelerazioa sortzen da objektuan, zeinari azelerazio zentripetua deritzon.  

Mekanika newtondarreko terminoak erabiliz, indar zentripetua indar erreala da, jatorri desberdinez sortua izan daitekeena, besteak beste :

  • erakarpen grabitatorioaren ondorioz, hala nola planeten higidura eliptikoaren kasuan,
  • edo objektuari kanpotik eginiko tentsio-indarraren ondorioz, adibidez, hari mutur batean loturiko objektua hariaren beste mutur finkoaren inguruan biraka jartzean.

Azken adibide honetan, indar zentripeturik ez balego, objektuak ez luke birarik egingo; baina sokak eginiko tentsioari esker, bola biraka arituko da. Horixe da alboko irudiko ezkerraldeko eskeman adierazten dena. Nolanahi ere, haria bat-batean apurtu eta etengo balitz (eskuinaldeko eskeman adierazita dagoen egoeran), une horretatik aurrera gorputzak higidura zuzena izango luke inertziaz, eta ibilbide zuzen hori aurretik ibilbide zirkularraren tangentea izango litzateke etete-uneko posizioan. Hain zuzen, higidura zirkularra kanpotik aztertzen ari den erreferentzia-sistema inertzial batean legokeen behatzaileak azalpen hori emango luke. Ordea, harian finko dagoen erreferentzia-sistema ez-inertzialeko behatzaileak bestelako azalpena emango luke, kontuan izan beharko bailuke sistema horretako indar zentrifugoaren eragina.


Developed by StudentB