Industria iraultza XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran Britainia Handian sortu eta mundu osora zabaldu zen aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta kulturala izan zen. Horri esker, industrian eta makinerian oinarritutako ekonomiak eskulan tradizionalaren lekua hartu zuen. Kanalak eta errepideak (eta, geroago, burdinbideak) sortuz eta hobetuz, produktu berrien salerosketa erraztu eta bizkortu egin zen, oihal-industriatik zein altzairua ekoizteko tekniketatik hasita. Hasiera batean, ikatzez hornitutako lurrun makinek zein oihal industriako mekanizazioak ekoizpen ahalmena handitu zuten. Metal hutsezko makineriak eta lanabesek beste industriak mekanizatzeko prozesua erraztu zuten XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan.[1]
Industria Iraultzaren garaia zehazterakoan historialariak ez datoz bat. Eric Hobsbawmen arabera, 1780ko hamarkadan sortu eta 1830ekoan edo 1840koan "lehertu" zen. T. S. Ashtonek, aldiz, 1760 eta 1830 bitartean gauzatu zela dio. Mendebaldeko Europara eta Ipar Amerikara hedatu zen XIX. mendean zehar, eta, hortik, mundu osora. Gizartearen gaineko eragina egundokoa izan zen, eta askotan Neolitoko Iraultzarekin alderatzen da.[2]
1850 inguruan Bigarren Industria Iraultza deritzona sortu zen. Etapa horretan, elektrizitateak eta petrolioak ikatzaren lekua hartu zuten energia iturri gisa. Elektrizitatea deskubritzean eta hura aplikatzean, teknologia izugarri garatu zen, eta lurrunontzien zein burdinbideen etorrerak ekonomia eta teknologia asko bultzatu zituen. Geroago, XIX. mendearen bukaeran, barne errekuntzako motorraren eta argindarraren sorkuntza zirela eta, garapen ekonomiko eta teknologiko hori sakondu egin zen.[3] Euskal Herrian, Ibaizabal ibaiaren itsasadarreko meatzaritzaren inguruan hasi zen garatzen industrializazioa, nahiko berandu. Industria-garapen kapitalista Bigarren Karlistaldia bukatzean sartu zen bete-betean, Bessemer labe garaien eta ekonomia itunen epelean.