Iosif Vissarionovitx Dzhugaxvili[1] (errusieraz: Иосиф Виссарионович Джугашвили; georgieraz, იოსებ ბესარიონის ძე სტალინი, Ioseb Besarionis dze St'alini) Gori, Errusiar Inperioa, egun Georgia, 1878ko abenduaren 18a - Mosku, 1953ko martxoaren 5a), ezagunagoa Iosif Stalin (georgieraz, იოსებ სტალინი Ioseb St'alini; errusieraz: Иосиф Сталин) goitizenaz, sobietar estatu-politikaria izan zen, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusia 1922-1952 bitartean, eta Ministro Kontseiluko burua 1941etik 1953 arte. Agintaldi luze horretan, diktadura pertsonala ezarri zuen. Historialariek milioika lagunen heriotzen erantzule jotzen dute.[2][3] Haren doktrina politikoa estalinismoa da.
Familia behartsua zuen, eta amak Tbilisira bidali zuen 1895ean, apaiz ikasketak egin zitzan. Hark, ordea, ikasketak alde batera utzi zituen, eta talde sozialistetan militatzen hasi zen. 1902an atxilotu zuten lehen aldiz, eta Siberiara bidali zuten. Siberiatik ihes egin eta Georgiara itzuli zenean, boltxebikeekin bat egin zuen. 1905ean ezagutu zuen Lenin. Stalinek ez zuen erbestera jo, eta 1917ko Iraultzara arte hainbat aldiz atxilotu zuten. Iraultzaren ondoren haren eragina handitu zen boltxebikeen artean.[4]
1922an Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten, eta postu hori baliatu zuen boterera heltzeko. 1929tik aitzinera, boterea egonkortu eta alderdi barreneko arerio guztiak espetxeratu edo hilarazi zituen. Haren agintaldian, industrializazio prozesua gauzaturik eta Bigarren Mundu Gerran Alemania Nazia garaiturik, Sobietar Batasuna munduko potentzia gisa egonkortu zen.[4] Baina, aldi berean, oso erregimen itxi eta totalitarioa eratu zuen. Bere figuraren gurtzea bultzatu zuen, eta neurri errepresibo gogorrak jarri zituen martxan. Milioika lagunek pairatu zuten haren errepresioa, eta haietako asko Siberiara bidali zituzten, gulagetara eta lan behartuetan aritzera. 1953an hil zenean, desestalinizatze prozesuari ekin zion Sobiet Batasunak, Nikita Khrustxoven eskutik.[5]