Iraungipen masibo

Itsas estintzioaren intentsitatea Fanerozoikoan zehar (azken 542 milioi urteak). Grafiko urdinak desagertutako itsas animalia-generoen ehunekoa erakusten du, gailurrak estintzio masiboak izanik.

Estintzioak ohiz kanpoko gertaera dirudien arren, azken 3.500 milioi urtetan Lurrean eboluzionatu duten lau mila milioi espezieetatik % 99 inguru desagertu dela uste da[1], nahiz eta normalean galera hori espeziazioak orekatu[2]. Oreka hark, baina, ibilbide gorabeheratsua izan du bizitzaren historian zehar, espezieen beherakada ugariren erantzule nagusiak estintzio masiboak izanik.

Jack Sepkoski (19481999) paleontologoaren hitzetan, oro har, estintzio masibo bat geografikoki hedatutako taxon batek baino gehiagok denbora-tarte geologiko labur batean jasandako desagerpen-kantitaren gorakada nabarmena da, haien dibertsitatean, behin-behinean behintzat, beherakada dakarrena[3]. Hots, estintzio masibo bat talde baten suntsipena baino orokorragoa da; esaterako, Kretazeo amaierako estintzioa ez da estintzio masibo gisa izendatzen dinosauro ez-hegazti guztiak suntsitu zituelako, haiekin batera itsas protisto, ornogabe eta ornodun ugari desagertu zirelako baizik. Sepkoskiren definizioan oinarriturik, beraz, hemezortzi izan dira orotara estintzio masiboak[4].

Iraungipen masiboak hertsiki loturik dauden magnitude eta abiaduraren arabera definitzen dira[5]. Magnitudeak galtzen den espezieen ehunekoari egiten dio erreferentzia; abiadurak, aitzitik, desagertzearen erritmoa adierazten du. Gainera, estintzio masiboek euren berezko hautakortasuna dute; hau da, estintzio masiboaren hiltze-mekanismoaren arabera, espezieen arteko estintzio-tasak ezberdinak izango dira, euren ezaugarri fisiologiko, mugikortasun edo barneko oreka kimikoa mantentzeko gaitasuna, esaterako, kontuan hartuz. Bestalde, askotarikoak izan daitezke estintzio masiboei egotzitako kausak: glaziazioak, itsas mailaren gorabeherak, ozeanoaren azidotzea, bolkanismoa, meteoritoen inpaktuak eta abar.

  1. J., Novacek, Michael. (2001). The biodiversity crisis : losing what counts. New Press ISBN 1-56584-570-6. PMC 42692250. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  2. Barnosky, Anthony D.; Matzke, Nicholas; Tomiya, Susumu; Wogan, Guinevere O. U.; Swartz, Brian; Quental, Tiago B.; Marshall, Charles; McGuire, Jenny L. et al.. (2011-03-02). «Has the Earth’s sixth mass extinction already arrived?» Nature 471 (7336): 51–57.  doi:10.1038/nature09678. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  3. Sepkoski, J. J.. (1986). «Phanerozoic Overview of Mass Extinction» Patterns and Processes in the History of Life (Springer Berlin Heidelberg): 277–295. ISBN 978-3-642-70833-6. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  4. Bambach, Richard K.. (2006-05-01). «PHANEROZOIC BIODIVERSITY MASS EXTINCTIONS» Annual Review of Earth and Planetary Sciences 34 (1): 127–155.  doi:10.1146/annurev.earth.33.092203.122654. ISSN 0084-6597. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  5. Şengör, A. M. Celâl; Atayman, Saniye; Özeren, Sinan. (2008-09-16). «A scale of greatness and causal classification of mass extinctions: Implications for mechanisms» Proceedings of the National Academy of Sciences 105 (37): 13736–13740.  doi:10.1073/pnas.0805482105. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).

Developed by StudentB