Irlanda edo Eire[2] (irlanderaz Poblacht na hÉireann; ingelesez Republic of Ireland), Irlandako Errepublika ere deitua, Europa ipar-mendebaldeko Irlandako uhartean dago eta Europar Batasuneko kide da. Hiriburua Dublin da. Gaur egungo Estatu Burujabe modernoa Irlandako uhartearen 5/6en jabe da, zeinaren independentzia 1921ko maiatzaren 3an eman zen. Demokrazia Parlamentarioa eta Errepublika da. Ipar-ekialdetik Ipar Irlanda du mugakide, ekialdetik Irlandar itsasoa, hegoaldetik Itsaso Zeltikoa, eta mendebalde nahiz iparraldetik Ozeano Atlantikoa. Estatuaren izen arrunta Irlanda da (ingelesez Ireland eta irlanderaz Éire [ˈeːrʲə]), Irlandako Errepublika izen osoa estatua eta uhartea bereizi behar direnean erabili ohi da.
1922ko abenduaren 6an Irlandar Estatu Askea ezarri zen, Irlandari Erresuma Batuarekiko hasierako nolabaiteko neurri txikiko independentzia bat emanaz. 1937ko abenduaren 29an Irlandar Estatu Askeak Irlanda izena hartu zuen[3] 1949an, Irlanda Errepublika bilakatu zen eta Britaniniar Commonwealtha laga zuen.[4] Honenbestez erakunde horretan parte hartzeari utzi zion.
Gaur egun uhartearen iparraldeko Ulster eskualde edo probintziako bederatzi konderriak bi Estatuen artean banatzen da: sei konderrik Ipar Irlandako eskualdea osatzen dute eta Erresuma Batuaren agintepean daude: Antrim, Armagh, Derry, Down, Fermanagh eta Tyrone; gainerako beste hiru konderriak Irlandako Errepublikaren agintepean daude: Donegal, Cavan eta Fermanagh.