Irratia irrati-uhinen teknologia baliatzen duen haririk gabeko hedabidea da[1], publiko zabal bati zuzendua eta norabide bakarrekoa. Irratia mundu zabaleko hedabide ohikoenetakoa da, telebistarekin batera. Irrati-kate izeneko erakundeen bitartez, denetariko edukiak zabaltzen ditu, hala nola albisteak, musika eta aisialdiko irratsaioak. Irratsaio horiek entzuteko irrati-hargailu bat behar da. XX. mendearen bukaeratik irrati digitala[2] garatu zen, seinale analogikoan oinarritutako teknologia zaharraren aukera moduan. Aldi berean, Internet bidezko online irratiek ere zabalkuntza handia izan zuten. Azken urteotan podcast-ak ere ugaritu egin dira, eta gero eta lausoagoa da irratia eta podcast-en arteko marra.[3]