2002 urtetik aurrera Ipar Afrikan indarrean dagoen islamdar insurjentzia zenbait islamdar erakunde eta talde erradikalek Argeliako Islamiar Talde Armatuaren jardueraren gainbeherarekin batera abiarazitako borroka armatua da, bereziki Argelian, Malin, Mauritania eta Marokon eta bereziki herrialde horietako Saharako eskualdeetan. Hasiera batean, GSPC (Groupe Salafiste pour la Prédication et le Combat) erakundearen eskutik antolatutako insurjentzia izan zen, gerora Islamiar Magrebeko Al Kaida bilakatuko zena. Erakunde horren inguruan, beste zenbait talde bildu ziren insurjentziara (MUJAO eta Ansar Dine, esaterako). Insurjentzia horren ohiko ekintzak izan dira Mendebaldeko herrialdeetako atzerritarren bahiketak eta Magreb eta Sahelgo herrialdeetako segurtasun-indarren aurkako atentatuak. Bahituak aske uztearen trukean eskuraturiko dirutzak eta droga eta pertsonen trafikoa izan dira talde horien finantza-iturriak. 2012 urtean, talde horiek Mali iparraldeko eskualde osoa bereganatu eta xaria inposatu zuten. 2013ko urtarrilean, Frantziak talde horien aurkako operazio militar zabala burutu zuen.