Ipar Atlantikoko hausturan egonik, Islandiak sumendi eta geiser aktibitate handia du. Golkoko itsaslasterraren eraginez, latitudeagatik izan zezakeen klima hotza leundu egiten da eta, bereziki kostaldean, giza bizitzarako egokiagoa da.
1262anNorvegiaren menpeko lurralde bihurtu zen. 1380an, Norvegia, Suedia eta Danimarkak osatutako Kalmarko Batasuna elkartean sartu zuten. Napoleonen gerren ondoren, Danimarkaren menpe geratu zen. 1944an lortu zuen independentzia. Ordutik aurrera bere ekonomia eta ongizate maila etengabe hazten joan dira, harik eta gaur egunean BPGari dagokionez munduko bosgarren herrialdea eta giza garapenari dagokionez bigarrena izan arte. Egoera horrek 2008ra arte iraun zuen, finantza krisiak gogor kolpatu baitzuen.
Merkatu askea da, gehienbat zerbitzuetan, arrantzan, finantzetan eta industrian oinarritua. Turismoak gero eta indar handiagoa du, bereziki bertako paisaia ikusgarriak erakarritako jendea joan ohi da. Besteak beste, NBEko, NATOko, EFTAko, EEAko eta ELGAko kidea da. EBrekin harreman ekonomiko estuak izan arren ez da Batasuneko kide.